BABESTUTAKO EDUKIA: Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa 2021ean martxan izango dela iragarri du Foru Aldundiak

Barren.eus 2018ko urr. 30a, 13:00

MUBIL aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa, zeinak helburu duen Gipuzkoa –eta Euskadi, oro har– bilakatzea nazioarte mailan erreferentzia industrial bat mugikortasun elektrikoaren eta energia metatzearen alorrean.

Zentroa Zubietako (Donostia) Eskuzaitzeta gunean kokatuko da eta inguru horretan elektromugikortasunari lotutako berrikuntza eta jakintza polo bat eratzeko bokazioa izango du. Proiektuaren bultzatzaileek adierazi duten moduan, Administrazioa, enpresa eta eragileen arteko lankidetza bultzatzea du helburu egitasmo honek, gisa horretan ezagutza aurreratua, garapen teknologiko berritzaileak eta ekonomia aktibitate berria sorrarazi asmoz.
Tabakaleran lurraldeko industriaren ordezkaritza zabal baten aurrean egindako ekitaldian Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, gogorarazi duenez, Euskadiko espezializazio adimentsuko estrategiari "ekarpena" egitea du helburu proiektu honek. Donostiako alkate Eneko Goiarekin eta Garapen Ekonomiko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiarekin konpartitu duen ekitaldian Olanok gogoratu duenez, Gipuzkoak "indargune industrial garrantzitsuak ditu garraio urbanoaren nahiz automoziorako osagarrien alorretan". Orobat "teknologia zentro nabarmenak" ditu, "nazioartean erreferentzia direnak", energia metatzearen, potentzia-elektronikaren eta makina elektrikoen esparruetan.
Multinazionalak, hiriak eta herrialdeak bere osotasunean apustu industrialak egiten ari diren testuinguru batean, diputatu nagusiak lurraldeko enpresak animatu ditu "lankidetzan" jardun dezaten balio eta aktibitate berria sortze aldera, bereziki elektromugikortasunaren eta energia metatzearen alorretan, "herri gisa lehiakorrak izaten jarraitu nahi badugu". MUBIL, hain zuzen ere, eragileen artean "lankidetzarako espazio" gisa jaiotzen da, modu horretan "berrikuntzarako dauzkagun gaitasunak biderkatuz", beti ere "bikaintasuna, espezializazioa eta elkarlana" bezalako balioen inguruan. "Horrela bakarrik lor dezakegu etorkizunera begira dugun desafio honi aurre egiten eta elektromugikortasunaren zabaltzeak parean jartzen digun aukera probesten", nabarmendu du.
"Izan ere, mugikortasun elektrikoak paradigma aldaketa dakar, eta eraldatze horri aurre egiteko gure industria lagundu nahi dugu. Gure artean dugun potentziala garatu behar dugu, sinergiak sortuz dagoeneko sektorean lanean ari diren eragileen artean", azpimarratu du.
 • Erakunde babesa
MUBIL proiektua Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren aterkipean landu da eta, baita ere, sektoreko 40 eragile, enpresa, erakunde publiko eta elkartek 2017ko irailean adostutako Gipuzkoako Mugikortasun Jasangarriko Estrategia dokumentuan jasotako ekintzetako bat da. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen du, Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Azken honek Energiaren Euskal Erakundearen bitartez lagunduko du egitasmoa.
Donostiako alkateak, Eneko Goiak, aipatu du Gipuzkoako hiriburuak buru-belarri lanean diharduela "zentrotik ibilgailu pribatuak atera ahal izateko garraio publiko eskaintza eraginkorra osatzeko", trenbide eta autobusen osagarritasuna bilatuz. "Sektoreko enpresentzako bazkide garrantzitsua da Donostia. Mundu mailan punta-puntakoak dira eta beren egoitzak edo haien filialenak gurean kokatzen dira. Haiekin eta teknologia zentroekin elkarlan estuan dihardugu". Horregatik, alkatearen esanetan, Elektromugikortasun Zentroa Donostian kokatzeak "indartu egiten du ikerkuntza eta berrikuntzaren hiri izateko apustua".
"Hau guztia Donostian garatu daiteke, besteak beste, erabat berritzailea den garraio publikoko sarea dugulako, nazioarte mailan errekonozimendua lortu duena. Garraio kolektiboaren biztanleko erabilera indizea ere Europako hirien artean altuenetako da", adierazi du.
 • Saiakuntza laborategia, zentroaren erdigunea
Mugikortasun elektrikoaren eta energia metatzearen alorretan jakintza eta aktibitate berria sortu eta garatuko du Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroak. Bertan, enpresak, ezagutza zentroak eta administrazioek bat egingo dute, misio batekin: baliabideak sortu eta lurraldeko gaitasunak biltzea, Gipuzkoa eta Euskadi bilakatu daitezen “nazioartean erreferentzia industriala elektromugikortsunaren alorrean".
Enpresen zerbitzura egongo den azpiegitura izango da eta datozen hilabeteetan sortuko den Fundazio publiko batek kudeatuko du. Datorren urtean hasiko dira obrak eta 2021eko lehen seihilabetekoan zentroa martxan izatea espero da. Horretarako 19,3 milioiko inbertsioa aurreikusten da –erdia ekipamenduetan eta beste erdia terrenoen erreserba, erosketa eta egokitzean–, eta inbertsio horri aurre egingo diote Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuak.
MUBIL zentroa Eskuzaitzetan eraikiko da, 5.350 metro karratuko esparru batean. Energia metatzearen alorreko saiakuntza laborategia izango da zentroaren erdigunea (4.450 metro karratu), zeinetan enpresa eta zentro teknologikoek beren frogak egin ahalko dituzten, banaka edo konsortzioen bitartez, elektromugikorasuneko eta energia metatzeko produktu eta ikerkuntzak garatzeko. Bereziki arreta eskainiko die errekarga azpiegiturei eta ibilgailu elektrikoei lotutako teknologia eta gaitasunei. Gainera, balio katearen atal guztietan enpresek izan ditzaketen beharren inguruko azterketa gauzatzen ari da, jakiteko zein beste instalazio kokatu daitezkeen laborategi honetan, beti ere tamaina desberdinetako ibilgailuek probestu ahal izateko eta erabiltzaileen pribatutasun eta sekretu beharrak errespetatuz.
Bestalde, zentroak ezagutza eta talentuari bideratutako bigarren gune bat izango du. Bertan, sektoreko tendentzien behatoki globala egongo da eta profil tekniko-profesional berriak sortzeko aukera eskainiko da. Hirugarren espazioa, berriz, ekintzailetasunera eta enpresa egitasmo berrietara bideratutako gune bat izango da. Amaitzeko, beren produktuak Gipuzkoa osoan frogatu ahal izateko zerbitzua eskainiko da, lurraldea Living Lab bilakatuz gisa horretan.
Baita ere, zentroaren inguruan, 48.000 metroko lur azalera erreserbatuko da. Enpresa aktibitatea bertara erakartzeko bokazioa izango du esparru zabal horrek, elektromugikortasunari lotutako berrikuntza eta ekoizpen polo bat sortuz.
"Baditugu gaitasun teknologiko, talentu, ekintzaile kultura, ekoizpen baliabideak, nazioarteko posizionamendua eta kultura industriala aukera hau aprobetxatu ahal izateko. Elektromugikortasunak palanka bat izan behar du gure industriaren etorkizuneko lehiakortasuna bultzatzen jarraitzeko", laburbildu du diputatu nagusiak.