BABESTUTAKO EDUKIA: "Gipuzkoako Ingurumen Guneko lanen erdia" eginda dagoela dio Aldundiak

Barren.eus 2018ko eka. 8a, 07:10

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, Markel Olano diputatu nagusia buru, Zubietako obretan izan dira bisitan, eta jakinarazi dute Gipuzkoako Ingurumen Guneko lanen "erdia baino gehiago" burututa dagoela.

Tratamendu mekaniko biologikoko eta bio-lehorketako plantako eraikinak ia amaituta daude, eta hasiera eman zaio labeen eta gainerako ekipo industrialen instalazioari.

Gauzak horrela, lanak 2019ko uda baino lehen amaituko dituzte eta probaldia gainditu ostean, udazkenean funtzionatzen hasiko da Ingurumen Gunea.

Diputatu Nagusiak Gunearen eraikuntza lanen martxa nabarmendu du, izan ere aurrera doaz inolako ustekaberik gabe, “Gipuzkoarentzat oso berri ona da”. “Beraz, Gipuzkoak legealdi bukaeran hondakinen arazoari irtenbidea bideratuta izango du, 2015ean hartutako konpromisoa betez”, adierazi du. Foru arduradunak gogorarazi du aurreko legealdian hiritarrek hondakinen kudeaketaren gaian irtenbideak eskatzen zituztela eta ingurumen baldintza handienekin egitea nahi zutela. “Herritarren eskaerari erantzuna eman diogu Europa mailan puntako eta erreferente diren teknologiak dituen planta bat eraikiz”, azpimarratu du.

Ingurumeneko diputatuak azpimarratu du GIG-1 gunea hondakinen inguruan egindako lanaren adierazle ona dela, eta Gipuzkoa arazoen politikatik konponbideen politikara igaro dela gai horretan. “Gipuzkoak prest izango ditu behar dituen konponbideak hondakinen % 100 modu ekologiko, jasangarri eta eraginkorrean kudeatzeko, Europako herrialde aurreratuenek egiten duten moduan”.

2019an, Ingurumen Gunea abian jartzen denean, Gipuzkoak abangoardiako zentro bat izango du hondakinak tratatzeko, kudeaketa gardena izango da eta Hondakinen Kontsortzioaren kontrol publikoa izango du. GIG-1 guneak tratamendu planta bat izango du zaborrarekin batera (10.000 tona urtean) nahasita iritsiko diren material birziklagarrien % 7,6 berreskuratzeko; ondoren, hondakinak biolehorketako plantara pasako dira pisua eta bolumena murrizteko, eta balorizazio plantaren energia produkzioa eraginkorragoa izateko. Sortuko den energia nahikoa izango da 45.000 etxetako beharrak asetzeko.

2018 06 08 babestutako edukia zubieta bisita