Morkaikoren irteerak hegaztiak, kobazuloak eta izarrak ikusteko

Barren.eus 2018ko eka. 6a, 19:35

Morkaiko mendi taldeak hainbat irteera antolatu ditu ekainerako. Zapatuan, ekainak 9, hegaztiak ikustera joango dira Asier Sarasua biologo eibartarrak gidatuta. Ekainaren 16an, espeleologia irteera izango da, eta ekainaren 22an atzeratu egin behar izan zuten Izar Gaua egingo dute.

Elgoibar eta inguruetako natura eta ondarea ezagutzeko bederatzi irteera antolatu ditu Morkaikok, elkartearen 75. urteurrena ospatzeko. Anfibio gaua eta narrastiak ezagutzeko irteerak egin zituzten lehenik, eta Izar gaua antolatu zuten joan den ekainaren 1erako, baina lainoek izarrik ikusten laga ez zutenez, bertan behera laga zuten irteera. Ekainaren 22an egingo dute izarrak ikustera joateko bigarren saiakera. 22:00etan Aiastiako aparkalekuan elkartu eta Jokin Martinez gidari dutela unibertso eta eguzki sistemari buruzko azalpenak jasoko dituzte, baita, izarrak ikusten nola orientatu eta gure zeruan zer ikusten den ikasi ere. Plazak mugatuak izanik aurrez eman behar da izena 636 994 798 zenbakian edo morkaiko@morkaiko.eus e-postan.
Hegaztiak ezagutzeko irteera, zapatuan
Hurrengo irteera, baina, zapatu honetan bertan, ekainaren 9an, izango da. Hegaztiak ezagutzera joateko irteera. 9:00etan abiatuko dira Maltzagako bide gorriaren hasieratik eta Elgoibar inguruko hainbatlekutara joango dira ibilaldian, Asier Sarasua Aranberri biologo eibartarrak gidatuta. Antolatzaileek prismatikoak eta ogitartekoa eramatea gomendatu dute. Irteerarako leku mugatuak izango direnez, izena eman behar da aurrez 636 994 798 telefonora deituta edo e-posta honetara idatzita: morkaiko@morkaiko.eus

• Espeleologia irteera, Ermittia kobazulora
Ekainaren 16rako antolatu du Morkaikok espeleologia irteera, 10 urtetik gorako haur eta gazteentzat. Hauei lur azpiko mundua ezagutaraztea da helburua Debako Ermittia Behekoa kobazuloan. Morkaiko-Lizarpe taldeko Evaristo Rodriguez eta Angel M. Tobajas izango dituzte gidari. Kaskoa, frontala, oinetako egokiak eta aldatzeko arropa eraman eta gurasoren batekin joan beharko dira umeak.

2018 06 06 morkaiko natura zikloa hegaztiak kartela 2018 06 06 morkaiko natura zikloa espeleologia kartela