BABESTUTAKO EDUKIA: Etorkizuna Eraikiz aurkeztu diote Ekonomiako Nobel sariaren irabazleari

Barren.eus 2018ko mai. 22a, 10:38

Ekonomiako Nobel sariaren irabazle den Joseph Stiglitzek uste du Gipuzkoa gauzak ondo egiten ari den munduko leku horietako bat dela. Ekonomistak Mondragon Korporazioko zenbait enpresa bisitatu ditu, horien artean DanobatGroupek Elgoibarren duen lantegia.

Joseph Stiglitz Gipuzkoan izan da egunotan, Foru Aldundiak eta Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatzen duten Gipuzkoa Talks (G-Talk) hitzaldi zikloan parte hartzeko. Bisitan zehar, lurraldeko ekonomia sozialeko eragile nagusienetako batzuk ezagutu ditu ekonomista estatubatuarrak, hala nola, Danobat Group, Eroski edota Mondragoneko egoitza nagusia. Joan den barixakuan, maiatzaren 18an, Elgoibarren hasi zuen jardunaldia, Danobat Group enpresara egin zuen bisitiarekin. Bertan, Xabier Alzaba, Danobateko zuzendaria; Antxon Lopez, konpainiako Berrikuntza zuzendaria; eta Nerea Aranguren, IK4-Idekoko zuzendariak egin zioten ongietorria foru ordezkaritza eta Stiglitzi. Elgoibarreko konpainia Mondragoneko makina-erreminta dibisioa da, eta teknologia altuko eta goi-mailako eskari teknikoak dituzten bezeroetan dago espezializatuta. Enpresak 260 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtero, eta 1.300 pertsonak osatzen dute, bost kontinentetan zehar hedatuta.

2018 05 22 Stiglitz MCC nobel saria danobat elgoibar babestutako edukia arg aldundia

Ekonomiako Nobel sariaren irabazle den Joseph Stiglitzek enpresetara eginiko bisiten ostean honako adierazpenak egin zituen: “Gizarte ezberdintasuna maila baxuetan mantentzea lortzen ari zarete, eta lurraldeko ehun ekonomikoaren transformazioan asmatzen jakin duzue”. Stiglitzi harrera ofiziala egin zioten maiatzaren 17an Foru Jauregian Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok eta Ekonomisten Euskal Elkargoko presidente den Iñaki Ruizek. Ondoren lan bilera egin zuten eta, bertan, foru arduradunak Etorkizuna Eraikiz foru programa aurkeztu zion, "denon artean biharko lurraldea eraikitzeko erreminta". Stiglitzek interes handiz jaso zuen ekimenaren berri, eta etorkizuneko erronka eta desafioei aurre egiteko egin dezaken ekarpena nabarmendu zuen.

Aldundiak bultzatzen duen proiektu honen bitartez, eta esperimentazio aktiboa erabiliz, gaurtik biharko Gipuzkoa eraiki nahi da. “Zer egiten dugun bezain garrantzitsua da egiten duguna nola egiten dugun eta, horregatik, Etorkizuna Eraikizek irekia eta elkarlanekoa den gobernantza eredua darabil, guztioi eragiten digun erronka honi erantzuteko ahaleginean herritarrak eta gizarte antolatua ere inplikatuz”, esan zuen.Honela, zibersegurtasuna, zahartze osasuntsua edota elektromugikortasuna bezalako alorretan Aldundia bultzatzen ari den lana ezagutu zuen Stiglitzek. Oso interesgarriak direla iritzi dio, lurraldearen transformazioan lagundu eta etorkizunean ere lehiakorrak izaten jarraitzeko erreminta baliagarriak direlakoan.

• Kontzertu Ekonomikoari buruzko xehetasunak
Gipuzkoako ehun ekonomikoaren eta enpresa ereduaren ezaugarriak aurkeztu dizkiote foru arduradunek Stiglitzi: industriaren pisua, ETE kopuru altua, berrikuntzaren aldeko apustua, ekonomia soziala… Gainera, Gipuzkoak eta euskal lurraldeek duten zerga eta finantza sistema berezia aurkeztu zioten eta, hemen, autogobernua ahalbidetzen duen eta arrakastako gakoetako bat den Kontzertu Ekonomikoari buruzko xehetasunak azaldu zizkioten. Markel Olano Diputatu nagusiak esan zuenez, susperraldi eta krisialdia gainditzeko puntuan dago Gipuzkoa, baina “triunfalismoetatik urrun mantendu behar dugu”. “Epe motzetik begirada altxatu eta epe ertain eta luzean izango ditugun erronkei aurre egiteko prestatzeko garaia da”, gehitu zuen.

2018 05 22 stiglitz nobel saria aldundia babestutako edukia