Sallobenteko Sekretuak eta Elgoibarko Itzuliko mendi bideak auzolanean txukundu nahi ditu Morkaikok

Barren.eus 2018ko mai. 18a, 11:09

Elgoibarko Mendi Itzulia (PR- Gi-157) eta Sallobenteko Sekretuak (PR-Gi-156) mendi ibilbideak auzolanean txukuntzeko deia egin du Morkaiko mendi taldeak.

Morkaikotik jakinarazi dutenez, hamar urte baino gehiago pasa dira Elgoibar inguruetako bi mendi ibilbide hauek lehenengoz markatu eta txukundu zituztenetik. Bi ibilbideen egoerak okerrera egin duela ikusita, bata zein bestea berritzea erabaki dute, Elgoibarko Udalarekin elkarlanean. "Dagoeneko hasi gara ibilbideak txukuntzen: bideak garbitu, igarobideak atondu, seinalaztapena hobetu eta abar", esan dute Morkaikoko arduradunek. 

Elgoibarko Mendi Itzuliaren zein Sallobenteko Sekretuak ibilbideen markaketa lanetarako, baina, lantaldeak osatu nahi dituzte. Talde bakoitzak ibilbideetako zati bat markatuko du. "Lan polita eta denontzat modukoa" dela nabarmendu dute eta izena ematera animatu dituzte herritarrak. Morkaikoren e-postara (morkaiko@morkaiko.eus) idatzi behar da izena emateko edo honako telefono zenbakira deitu: 636 994 798.

sallobenteko sekretuak elgoibar markatze lanak morkaiko