Maiatzaren 25ean handia egitera goaz

Barren.eus 2018ko mai. 11a, 10:31

Noizbait BARRENen azal-orriren batean agertu bazara eta gure deirik jaso ez baduzu, eskertuko genizuke gurekin harremanetan jartzea.

Berba egin dugu azal-orrian protagonista izan zareten gehienokin, baietza eman duzue zuetako askok eta askok eta ordezkoak topatu dizkiguzue egun horretan gurekin egon ezin duzuenok. Eta lerro hauen bidez, gure eskerrik beroena eman nahiko genizueke zuei guztioi. 
Lotuta zaituztegunak baino jende gehiago ere agertu zarete, baina, gure azal-orrietan, nahiz arrazoi ezberdinak tarteko, zaila zaigun zuekin harremanetan jartzea. Horregatik, noizbait BARRENen azal-orriren batean agertu bazara eta gure deirik jaso ez baduzu, eskertuko genizuke gurekin harremanetan jartzea. Era berean, azala izan ez duzuenok ere izango duzue maiatzaren 25eko ekitaldian parte hartzeko aukera, nahi izanez gero. Izan ere, BARRENek gai orokor asko eraman izan ditu urteotan azal-orrira eta horiek eramateko ere jendea behar dugu. Beraz, egun hori gurekin batera ospatu nahiko bazenu, zatoz BARRENera edo deitu 943 744 112 telefono zenbakira, eta eman izena. 

Maiatzaren 25ean, ia plaza osoa hartuko duen itxitura bat jarriko dugu, eta itxitura horretan sartuko dira azal eramaleak, 1.077 lagun guztira, azal bakoitzeko pertsona bat. Azal zenbakien arabera ordenatuko ditugu guztiak, goitik argazkia ateratzeko. Baina gure asmoa bada egun horretan plaza bazter guztiak jendez betetzea ere, eta beraz, gonbidatuta zaudete guztiok.

Azal-eramale izango zaretenok gogoratu 18:00etarako agertu behar duzuela plazara, zuen azalak jasotzeko eta plazan dagokizuen lekua hartzeko. Argazkia 19:00etan izango da, baina oso garrantzitsua zaigu zuek 18:00etarako agertzea, ez baita erraza izango hau dena antolatzea. Egun horretan, azken orduko kontuengatik agertzerik ez bazenu edo zure lekuan beste norbait bidaltzea erabaki baduzu, mesedez abisatu aurrez, guk ordurako zerrendak osatuta izango ditugulako.