Alvaro Gimenez, bizikleta gaineko trapezista mendaroarra

Barren.eus 2018ko mai. 10a, 19:50

Alvaro Gimenezek bederatzi urte ditu eta duela urtebete inguru hasi zen trialsina egiten, eta iazko sanbartolomeetan Elgoibar Ikastolan egin zen trialsin erakustaldi batean barruraino sartu zitzaion harra. Gaur, Aretxabaletako Oztopo Trialsin klubean dihardu eta txapelketetan ere hasia da lehiatzen, bera baino zaharragoekin.

Alvaro Gimenez hasi besterik ez da egin Trialsinean, baina bizikleta gainean duen trebezia ikusita eta bildutako lorpenak aintzat hartuta, zeresana emango du Mendaroko mutilak.
Barikua da, eta plaza bete ume dago Mendarozabalen. Baloiarekin jolasean ari dira mutiko kuadrilla bat plaza erdian, eta plazaren ezker hegalera, gurasoengandik ezkuturago eginda, berriketan eta kromoak trukatzen ari dira beste zenbait ume, harri gainetan jarrita. Leku horixe du jolasleku eta entrenatzeko-gune Alvaro Gimenezek, frontoiko harmailez eta plazako koskez gain.
Duela urtebete inguru igo zen estreinakoz trialsineko bizikleta batera eta ordutik erabat kateatuta dauka trialsineko bizikletak. Asteazkenean, maiatzaren 2an, bete zituen 9 urte eta oparitu berri dioten kasko berria jantzita agertu da elkarrizketara, bizikletaz jakina. Aretxabaletan sortu berri duten Oztopo Trialsin Klubeko kamiseta darama soinean, eta babesgarri puztua erraz antzeman dakioke kamiseta azpian. “Kaskoa eta babesgarri guztiak jantzi ezean, aitak ez dit bizikleta hartzen lagatzen”, esan du. Aulkirik gabea da trialsineko bizikleta, zazpi bat kilo astun, eta ikustekoa da haren gainean mutilak daukan trebezia. Oina lurrean ahal den gutxien jarrita, bizikletarekin bidean topatutako enbor, harri eta gainerako oztopoen gainetik jausika ibiltzea du entretenimendu Alvarok, eta txapelketetan lehiatzen ere hasia da, bera baino zaharragoekin. Astean behin, zapatutan, Aretxabaletara joaten da Euskadiko eta Espainiako txapelduna izana den Aitor Muruarekin entrenatzera. Zortzi bat ume ziren taldean duela urtebete bera hasi zenean, baina ordutik taldea hazi egin da, eta gaur, orduan halako bi gehiago dira Oztopo Trialsin Klubean izena emandakoak: 7 eta 10 urteko hamabost bat, eta zaharragoak sei.

 trialsin alvaro jimenez mendaro 2

trialsin alvaro jimenez mendaro

2018 05 11 alvaro jimenez trialsin mendaro