Elgoibarko balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa abian da

Barren.eus 2018ko api. 20a, 14:10

Herriko balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du Elgoibarko Udalak. Epaimahaiak uztailean zehar ikusi eta baloratuko ditu balkoi eta leiho parte-hartzaileak, lore apainketa ederrenak saritzeko.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketa honen helburua da, herritarren parte-hartzearen bidez, Elgoibarko ingurumen kalitatea eta itxura hobetzea, eta landareei eta loreei garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortzea. Aurrekoez gainera, landareak zaintzeko ohitura zabaldu eta sustatu nahi dute.

Izena emateko bi modu

Lehiaketan nahi duten elgoibartar guztiek hartu dezakete parte, eta izena emateko, bi aukera eskaini dituzte:

  • Apirilaren 24tik maiatzaren 15era, Herritarrentzako Arreta Bulegoan (HAZ).
  • Apirilaren 26an, Kalebarren plazan izango den “FurgoBaratzan” (10:00-13:00).

Sariei dagokionez, balkoi edo leiho dotoreena sarituko da; horretarako, landare edo lore biziak erabiliko dira apaingarri gisa, eta epaimahaiak horiek kaletik ikusteko aukera izan beharko du. Parte-hartzaileek balkoi eta leihoak nahi bezala apaindu ahal izango dituzte, beti ere, ingurua errespetatuz (auzokideak, kalea…) eta segurtasuna bermatuz. 2 sari mota egongo dira:
Herrian: 150 euroko bi bono Txankakua elkarteko saltokietan gastatzeko.Eskualdean: 200 euroko bonoa, irabazlearen herriko saltoki elkartuetan gastatzeko.

• Baloratuko dena

Epaimahaia Kimu Bat enpresako eta udaleko ordezkari batek osatuko dute, uztail inguruan, balkoietan eta leihoetan jarritako loreak eta landareak ikusi, eta lore apainketa ederrenak sarituko ditu. Baloratuko diren irizpideen artean daude, konposizioaren originaltasuna eta sormena, apainketaren kalitatea, harmonia, diseinua eta konplexutasuna.

Elgoibarren ez ezik, Deban, Eibarren eta Ermuan ere egingo da balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa, Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin.