San Bartolome parrokia jendez gainezka izan da moja klaratarrei agur esateko ospakizun berezira gerturatu diren elgoibartarrekin. Elizkizuna edertzeko parrokiako abesbatzaren kantuak, Haritz Dantzari taldekoek Udal Txistulari Bandakoen musikarekin egindako dantza eta Udal Musika Bandaren doinuak izan dira.
Apaizak ere asko izan dira elizkizunean eta tartean Don Benantziok kristau komunitatearen izenean eskerrak eman dizkie klaratarrei komentuko ateak irekita izan dituztelako errezurako ez ezik baita bileretarako zein laguntza eske joan direnentzat ere. Irakaskuntzari eskainitako tartea ere aipatu du eta garai batean ikasle izan zituztenetako batzuk ere izan dira mezatan.
Mezaren amaieran esker emateko tartearekin jarraitu dute eta opariak ere izan dira. Ane Beitia alkateak Udalaren eta herritarren izenean eman die lehen oparia eta hainbeste urtean Elgoibarren egon direlako eskertu ditu. Begoña Mugerzak hartu du hitza gero parrokiako taldeetakoen izenean. "Ez da erraza izaten agur esatea, baina une honetan hitz gutxirekin azaldu nahi dizuegu gure barne sentimendua: Eskerrik asko gure pozaldi eta nekealdietan gurekin egoteagatik, zuen etxea denontzat zabalik izateagatik eta kristau elkarteari eman diozuen laguntza eta babesarengatik". Orain arte bezala Elgoibarko eliztarren otoitzetan aurrerantzean ere presente egongo direla ere gaineratu du. Moja bakoitzari oroigarri bana ere eman diete ama milagrosaren irudi bana eta denentzako baita argazki album bat ere Elgoibarko momentuak gogoratzeko.
Azkenik, Maria Jesus abadesak ere esker ona azaldu du "hainbat urtetan gurekin egon zaretelako elgoibartar guztiak eta gu zuen ondoan elkarri eskua edo laguntza emateko prest. Emozioz eta era berean penatan joango gara. Urte askoan bizi izan gara batera eta esperantzaz betetako bihotza utzi nahi dugu zuekin. Udalak komentua erosi du. baina ez Udalarentzat herriak behar dituen zerbitzuentzat eta horrek ere pozten gaitu. Bihotz bihotzez eskerrik asko denoi".
Meza amaituta elgoibartar asko gerturatu zaizkie mojei agur esatera eta elizatik kanpora luntxa ere izan da gero.