BABESTUTAKO EDUKIA: Euskarazko ikus-entzunezko edukiak bultzatzeko laborategiaren lehen fruituak aurkeztu dituzte

Barren.eus 2018ko mar. 23a, 10:34

'Go!azen transmedia' eta 'JarriOn' 2deo laborategiaren lehen fruituak aurkeztu dituzte Aldundiko EITBko eta CodeSyntax-eko arduradunek.

Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok honela azaldu du euskarazko ikus-entzunezko edukien laborategiaren abiapuntua: "Ikus-entzunezkoak dira gaur egungo gazteek gehien kontsumitzen dituzten produktuak eta, euskarak bere etorkizuna bermatzeko, tokia egin behar du esparru horretan". Joan den urteko abenduan aurkeztu zen proiektua, Etorkizuna Eraikiz foru programaren testuinguruan, eta laster jarriko dute martxan azpiegitura. Gaur gaurkoz baditu ordea hainbat egitasmo martxan, tartean JarriON aplikazioa eta Go!azen Transmedia proiektua, 2deo ekimenaren "lehen fruituetako" bi. Horiek aurkeztu berri dituzte Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak eta Luistxo Fernandez CodeSyntax-eko arduradunak eta JarriON aplikazioaren garatzaileak. Lehenengo emaitzen irakurketa baikorra egin dute Donostian eginiko prentsa agerraldian

Olano pozik agertu zen JarriON eta Go!azen Transmedia egitasmoek lortutako emaitzekin. "Euskara eremu berrietara eramaten du batek, eta gazteek euskara kontsumitzen dutela erakutsi digu besteak, betiere eduki interesgarri eta erakargarriak ematen badizkiegu", esan zuen. UPV/EHUk Aldundiarentzat eginiko ikerketa baten arabera, gaztelania da nagusia Gipuzkoako gazteek kontsumitzen dituzten euskarazko ikus-entzunezko edukietan, eta hori batik bat, egun dagoen aukera faltagatik da. Alegia, euskarazko edukien gabezia bizi dutelako. Edonola ere, ikerketa honen arabera, euskarazko Ikus-entzunezko edukiak kontsumitzearen aldeko jarrera irmoa erakusten dute lurraldeko eskualde gehienetan.
Diputatu nagusiaren ustetan, beharrezkoa da gazteek duten hutsune hori betetzeko ahalegina. "Ikus-entzunezko produktuen kontsumoa gero eta handiagoa da eta testuinguru horretan euskararen presentzia handitzea ezinbestekoa bilakatzen da, hizkuntzaren erabilera areagotzeko. Era berean, euskal kultura eta identitatearen transmisioa gelditu edo geldiagotzeko arriskua dago", ohartarazi du Olanok, 2deo proiektuaren beharra aldarrikatuz beste behin. Aurreratu duenez, datozen hilabeteetan jarriko da martxan laborategia, Donostiako Tabakaleran kultura zentroan.
JarriON proiektua
Mugikorraren bitartez telebista kontrolatzen duen softwarea garatu du Codesyntaxek, JarriOn izenekoa, Chromecast izeneko gailuaz baliatuz. Aplikazioa jada eskuragarri dago Android mugikorrentzako edota www.jarrion.eus webgunean. Euskarazko ikus-entzunezko eduki ezberdinak biltzen ditu, bai hedabide zein eragile eta norbanako ezberdinenak. Eduki horiek telebistan proiektatzen dira. "Azkar hedatzen ari den teknologia da Chromecastarena eta, hori horrela, ziur nago JarriON ekimenak lortu duela eremu honetan euskarari ikusgarritasun gehiago ematea", adierazi du diputatu nagusiak.
Luistxo Fernandezek azaldu duenez, telebistaren kontzeptua aldatzen ari da gaur egun: "Ikusteko ohituretan, gero eta gehiago saioak nahieran, nahi dugun unean, nahi ditugu". Testuinguru honetan, "JarriON euskarazko edukiak eskura ditugun bi pantaila inportanteenetan ikusteko tresna da, hainbat eduki nahieran mugikorrean eta telebistan ikusteko". Bi euskarri hauen arteko zubi praktikoena, gaur egunean, Chromecast teknologia da, eta hain zuzen ere JarriON euskarazko lehen aplikazioa da teknologia horretara egokitua.
Momentuz soilik Android mugikorretarako dago eskuragarri JarriOn aplikazioa. Hala ere, Fernandezek nabarmendu du merkatuaren %90a hor dagoela. Google Play-n sartuta deskargatu daiteke.
Elkarlanean egindako proiektua da JarriOn eta honako hauek hartu dute parte: Goiena Komunikazio Taldea, EITB, 28 kanala, Berria telebista, GITB, Erlo TB, Bertsoa, Dantzan, Hamaika telebista, TBX, Oizmendi TB, Gaztezulo, Sustatu eta bi youtuber Nerea Alias eta Aiora Mugika.

babestutako edukia 2do jarrion aurkezpena