BABESTUTAKO EDUKIA: Irunen sarbide berri bat izango du AP-8 autobidetik

Barren.eus 2018ko mar. 20a, 08:29

AP-8 autobidetik Irunerako sarbide berria egiteko lanak hasiko ditu Bidegi foru sozietateak, urtea amaitu aurretik.

Sarbide berri horri esker, errazago egingo dira hiriaren hegoaldeko (Belaskoenea-Katea) sarrerak eta irteerak, bai Donostiatik bai Donostiarantz. Lanen aurrekontua 6,5 milioi eurokoa da, eta lanak urte amaierarako hastea eta 15 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute Aldundiko arduradunek

Azpiegitura berri horrek irundarren mugikortasuna modu nabarmenean hobetuko duela azpimarratu dute foru ordezkariek. Sarbide berriak autobidea Irungo hirigunearekin zuzenean lotuko du, eta nabarmen hobetuko du irundarren mugikortasuna”, aurreratu du Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok. “Irunek 60.000 biztanle ditu, eta gaur egun bi lotune ditu autobidearekin, hiriaren bi muturretan, bat Behobian eta bestea Katean, eta horietatik ibiltzen da Hondarribia helmuga edo abiaburu duen trafikoa. Lotune erdi honekin, herrigunerako sarrera-irteera bat emango diegu herritarrei”, gaineratu du Olanok. Aurreikuspenen arabera, eguneko 2.500 ibilgailu hartuko ditu sarbide berriak. Hiri erdirako mugikortasuna nabarmen hobetzeaz gain, arinduko luke Irungo eta Hondarribiko trafikoak biltzen dituen GI-636 errepideko zirkulazioa ere.

irungo sarbidea diputazioa babestutakoalbistea olano oiarbide