BABESTUTAKO ALBISTEA: Kontziliazio erantzunkiderako saiakuntza-laborategia jarriko du martxan Aldundiak Beasainen

Barren.eus 2018ko mar. 19a, 10:18

Kontziliazio Erantzunkiderako Foru Planaren esperimentazio-probalekua izango da Beasain, HerriLab izeneko ekimenaren bidez. Proiektu pilotu honi esker, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna "era esanguratsu eta iraunkorrean" sustatzeko ekintzak diseinatu, probatu eta ezarriko dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eraldaketa soziala bultzatzeko kontziliazio erantzunkideko lehen saiakuntza-laborategia abiaraziko du Beasainen. Esperientzia aitzindari honetatik ikasitako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dituela jakinarazi du Aldundiak. Gainera, eredu bezala balioko dute lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzerako esperientziak egiteko. Markel Olano diputatu nagusiak eta Beasaingo alkate Aitor Aldasorok Beasainen aurkeztu zuten HerriLab izeneko ekimena. Bi erakundeek 50.000 euroko diru partida bideratuko dute egitasmoa gauzatu ahal izateko. Abiarazte fase bat izango du, urtebetekoa, eta 2019 urtean luzatzeko aukera ere aurreikusten da hitzarmenean. Bi ideia azpimarratu zituen diputatu nagusiak: esfortzu kolektiboa eta esperimentazio aktiboa.
Beasain aukeratu izanaren arrazoiak ere eman zituzten. Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren zuzendariak pro-aktibitate handia ikusi duelako herri horretan, eta ikuspegi sozio-ekonomikotik Gipuzkoaren prototipo izan daitekeelako.
Beasaingo alkate Aitor Aldasorok nabarmendu zuen herriak badituela ezaugarri sozio-ekonomiko jakin batzuk mota honetako esperimentazio ekimen baten kokaleku izateko. Aldasororen esanetan, Beasainen sektore industrialak eta enpresek duten presentziak, eta gizarte, kirol, kultura eta aisialdi elkarteen garrantziak, eskala txikian, lurralde osoaren erakusgarri izan daitezkeen ezaugarriak ematen dizkiote herriari.

herrilabbeasain babestutako albistea aldundia