BABESTUTATAKO EDUKIA: Gipuzkoa Encounter topaketak 3.200 lagun elkartu ditu

Barren.eus 2018ko mar. 13a, 14:20

Parte-hartze marka berria ezarri du Gipuzkoa Encounter topaketak, 3.200 lagun elkartu baitira Tolosan asteburuan, partaideak eta bisitariak batuta.

Euskadiko teknologiaren epizentro izan da Tolosa asteburuan. Gipuzkoa Encounter ekimenak iraun dituen hiru egunetan, publikoarentzat zabalik egon den guneak zale asko elkartu ditu eta, orain arteko jendetsuena izan da informatikaren bueltako aurtengo topaketa. Antolatzaileak "oso pozik" daude. Ekimen isolatu bat izatetik, egungo errealitate ekonomiko eta sozialarekin gero eta lotuago egotera igaro dela adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak.

Informatikaren gaineko segurtasuna, errealitate birtuala, arte digitala, 3D inprimaketa, programazioa eta software librea bezalako gaien inguruan ezagutzak partekatu ahal izan dituzte Tolosan batu diren informatikari eta teknologia zaleek. Denera 2.600 bisitari hurbildu dira Tolosako informatika-partyra, ohiko 600 parte-hartzaileez gain. 600 metro koadroko zona irekian, Opengunean, era askotariko gaien inguruan eztabaidatzeko aukera izan zuten, besteak beste: zibersegurtasuna, segurtasun informatikoa, robotika, droneak, datu pertsonalen babesa, edota datuen analisia. Etxeko txikiek ere izan zuten lekua Gipuzkoa Encounterrean. Doako tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten, robotikan eta led argien programazioan trebatzeko. Era berean, bokazio teknologikoa sustatzeko tailerrak ere eskaini zituzten.

• Bilkura teknologiko azkarrenetarikoa
Gipuzkoa Encounter Espainiar Estatuko bilkura teknologiko azkarrenetarikoa da. Hona hemen hala dela berresten duten hainbat datu eta ezaugarri: segundoko 1.100 giga transmititzeko gaitasuna duen 15 kilometroko kable-sarea eta segundoko 10 gigabiteko konexioa. Aipaturiko azpiegitura hiriek baliatuz, Tolosako Usabal kiroldegia super-ordenagailu bihurtu zen.
Euskaltel Konektak antolatu zuen festako laguntzaileak izan ziren Tolosako Udala, Euskaltel, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako departamentua, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila, SPRIren bitartez.

GipuzkoaEncounter tolosa