Alex Txikonek Everestera egindako espedizioa gertutik bizitzeko aukera izan du Gotzon Zulaikak

Barren.eus 2018ko mar. 9a, 15:41

Alex Txikon mendigoizale bizkaitarrak Everestera egindako espedizioa gertutik ezagutzeko aukera izan du Gotzon Zulaika mendaroarrak. Everesteko oinarrizko kanpalekuan Txikonekin eta haren taldekideekin bizitako uneez jardun gara harekin.

Bere mendizale ibilbideko erronkarik handiena jarri zion Alex Txikonek bere buruari, Everest (8.848 m), munduko gailurrik garaiena, neguan igotzea eta oxigeno artifizialaren laguntzarik gabe. Gotzon Zulaikak espedizioko azken egunak bertatik bertara bizitzeko aukera izan du.

-Nola sortu zitzaizun Everesteko oinarrizko kanpalekuan Alex Txikonen espezioarekin egun batzuk bizitzeko aukera?
Alex Txikonen sare sozialak kudeatzen dituen lagun batek proposatu zidan joatea. Ustekabeko kontua izan da, joan baino hilabete aurretik komentatu zidalako, baina izugarrizko esperientzia izan da. Otsailaren 9an irten ginen Bilbotik zazpi lagun, ni ez beste guztiak Txikonen gertukoak. Bilbo-Istanbul-Katmandu bidaia egin genuen, eta otsailaren 10ean iritsi ginen Katmandura. Mendebaldekoen begiz ikusita, amaitu gabeko hiri bat da Katmandu, Himalaiari lotutako turismoan oinarritzen den ekonomia duena. Eta horregatik seguruenik oso mendebaldutako hiria da, Nepal izanda ere. 2015ean lurrikara batek astindu zuen inguru hori, baina ondorioak ez dira igarri ere egiten, hango eraikuntzak bestela ere prekarioak direlako. Bi gau egin genituen han, eta handik Luklara abiatu ginen, abionetan. 1.000 biztanleko herria da Lukla, eta Everest igotzera doan jende guztia handik pasatzen da, handik hasten delako oinarrizko kanpalekurako trekkinga. Munduko aireporturik arriskutsuenetakoa du. Hegazkinek lur hartzeko pistak 450 bat metro ditu eta bukaera amildegi bat da. Horri gehitu Lukla 2.700 bat metrora da goela, mendi handiz inguratuta. Emozioa badu kontuak.

-Bidean zerk harritu zintuen gehien?
Bederatzi egunetan egin dugu oinarrizko kanpalekura arteko bidea, mendiko gaitza saihesteko. 90 kilometroko bidea da, eta egunean 9-10 kilometro egitea aholkatzen dute. 9 egunetan 7 leku ezberdinetan lo egin dugu, aklimatatzeko. Namche Bazarren egin genituen bi gau eta harrigarria egin zitzaidan helikopteroz edo oinez bakarrik iritsi daitekeen leku batean halako tamainako herria topatzea. Trekking-a bera jende askok egiten du, bereziki udan, eta ikustekoa da zenbat zikinkeri dagoen bazterretan, turistek botata. Ikustekoa da, ere berean, zamalariak nola ibiltzen diren. Gureek 30 kiloko motxila bana eraman dute, baina 100 kilora artekoekin ikusi ditugu mutilak, oso gazteak denak. 15 urte izan behar dituzte gutxienez, baina niri oso umeak iruditu zaizkit denak. Bidean herrixka edo auzo ugari daude, eta denda txikiak saldoka. Everest gaina ere ikusten da, jakina, eta inpresioa egiten du, nahiz lehenengo begiratuan ondoko batzuk handiagoak iruditu. Hori bai, zortekoak izan gara gailurra ikusi dugulako, gehienetan estalita egoten delako.

-Noiz iritsi zineten oinarrizko kanpalekura? Zer topatu zenuten?
Otsailaren 20an iritsi ginen Everesteko oinarrizko kanpalekura, bezperan 5.700 metroko Calaphatar gailurra eginda. Calaphatarren igarri nuen nik gehien alturagatiko itolarria eta buru-galtze hori, baina zorionez ezer hartu beharrik gabe pasatu nuen. Gure oinarrizko kanpalekua [Txikonen espedizioarena] jatorrizkoa dagoen lekutik ordubete ingurura zegoen, Everestik gertuago. Handik gora eskalada hasten da. Udan, itxuraz, kaosa izaten da, baina
orain bakar-bakarrik egon gara gu han. Berez, oinarrizko kanpalekua ez da ezer: lau kanpin denda, izotz eta harri arte batean. Gu iristerako, espedizioko hamabost lagun zeuden han, lau euskal herritar eta hamaika nepaldar: bi ice doctor (egunero Khumbuko izotz-jausia, oinarrizko kanpalekutik 1. kanpalekura bitartekoa, ekipatzeko ardura dutenak), lau-bost sherpa, eta sukaldari laguntzaileak. Bi denda handi daude, sukalde eta jangela funtzioa betetzen dutenak, eta gero kanpin denda txikiak bueltan, lotarako. Jatorduak elkarrekin egiten genituen guk.

-Espedizio handi baten lekuko izan zara? Zer arnastu duzu han?
Giro ona, eta une batzuetan, tentsio handia. Alexek sekulako erronka zeukan, neguan eta oxigenorik gabe Everest igotzea, eta gu hara bezperan iritsi ginen. Hil ala bizi zihoan, eta ni ez beste guztiak bere gertuko lagunak izanda, atera kontuak han zelako tentsioa zegoen. Nik bera ikusi dut trankilen. Oinarrizko kanpalekura bidean gindoazela
deitu zigun berak esanez 21ean abiatuko zela gailurrerantz, hiru egunerako eguraldi ona iragarria zegoela-eta, eta bila irten zitzaigun gero bidera. Momentu hori hunkigarria izan zen. Kontuan izan behar dugu Alexek hilabete eta erdi pasa zeramala han, urtarrilaren 7an iritsi zirelako, eta biharamunean abiatzen zela aurrez beste inork egin ez zuena egitera.

gotzon zulaika mendaro everest alex txikon biak

gotzon zulaika mendaro everest alex txikon taldeagaz

gotzon zulaika mendaro everest alex txikon sherpegaz2

gotzon zulaika mendaro everest alex txikon sherpegaz

 gotzon zulaika mendaro everest alex txikon ok

gotzon zulaika mendaro everest alex txikon ozotza

gotzon zulaika mendaro everest alex txikon kanpinak

gotzon zulaika mendaro everest alex txikon dendabarruan

gotzon zulaika mendaro everest alex txikon astuak

 gotzon zulaika mendaro everest alex txikon abioneta

gotzon zulaika mendaro everest alex txikon