Kobre lapurrak Elgoibarren

Barren.eus 2015ko mar. 12a, 13:36

Elgoibarko bi enpresetatik ostu dute kobrea azken egunetan. Herenegun Elektra enpresan sartu ziren lapurrak, eta gaur goizaldean Arilan enpresan ostu dituzte 50 bat kilo kobre. Bi enpresetan paretean zuloa eginda sartu dira. Goiko argazkian, Arilanen sartzeko egin duten zuloa.

Duela bi egun Lerun industriagunean dagoen Elektra enpresatik ostu zuten kobrea. Paretean zuloa eginda sartu zirela lapurrak jakinarazi dute enpresako arduradunek. “Metro koadroko zuloa egin zuten, justu kobrezko bobinak zeuden parean”. Biltegiak zein bulegoak alarma sistema bat baino gehiagorekin babestuta dauzkate, baina behin bakarrik jo zuen alarmak eta birritan jo behar du Ertzaintzari abisua emateko. Kobrea bakarrik ostu zuten. “Oso ondo zekiten zertan ari ziren eta zer nahi zuten. Ertzaintzakoek ere halaxe esan ziguten, lapur profesionalak direla. Hil eta erdian enpresetan lapurretarik izan gabe zeudela ere esan ziguten, eta guri tokatu zaigu lehena”. Kobre kantitate handia lapurtu dute Elektran, kopuru zehatza jakitera eman nahi izan ez duten arren. Besteak beste, material elektrikoa banatzen espezialistak dira Elektran, eta hortaz, asko egiten dute lan kobrearekin. 

• Modus operandi berbera Arilan enpresan

 Elektran lapurreta egiteko modus operandi oso antzerakoa erabili dute lapurrek Xixilion industriagunean dagoen Arilan enpresan. Gaur goizean lanera joan direnean tailerrerako sarreraren albo batean dagoen paretan zuloa aurkitu dute, txirbilak eta gordetzeko erabiltzen zuten gunean ondoan. 50 bat kilo kobre lapurtu dituztela jakinarazi dute enpresako arduradunek. Kobre kilo bakoitzak 40 euro inguru balio ditu. “Aluminiozko piezak ere baditugu tailerrean, baina kobrea bakarrik ostu dute, eta bulegoetan ere ez dira sartu”. Dagoeneko hasi dira paretako zuloa konpontzen eta horrelakorik berriro ez gertatzeko segurtasun neurriak hartuko dituztela azaldu dute. 

2015 03 12 kobrelapurretaarilankanpoaldea

2015 03 12 kobrelapurretaarilanzuloa

2015 03 12 kobrelapurretaarilan1

2015 03 12 kobrelapurretaarilan3