Martitzena da Errigoraren olioa eta kontserbak eskatzeko azken eguna

Barren.eus 2017ko mar. 13a, 11:16

Elgoibarko Errigora Taldeak jakinarazi du martxoaren 14a dela Errigoraren uzta berria eskatzeko azken eguna. Oliba-olio birjina estra eta kontserba-loteak eska daitezke aurten. Nafarroan egindakoak eta euskaraz etiketatuta guztiak.

Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-loteak eskatzeko aukera izango da, beste urte batez, Errigoraren bitartez. Euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Errigoraren uztaberria bakarra izango da. Martxoaren 14a izango da eskaera egiteko azken eguna. Jaso eta ordaindu, ostera, bi txandatan egin ahal izango dira: martxoa amaieran edo apirila hasieran olioa eta ekainaren hastapenean kontserbak.

Aurtengo kanpainan, hala ere, bada beste berritasunik. Izan ere, lehenengoz, eskaintzen diren produktu guzti-guztiak ekologikoan ere eskuratu ahal izango dira.