‘Ura, glaziarretatik lurrazpiko uretara’ hitzaldia, eguenean

Barren.eus 2017ko mar. 1a, 15:50

Mendia eta zientzia uztartzeko zikloa antolatu du Morkaikok, eta horren barruan, bigarren hitzaldi sorta eskainiko dute eguen honetan (martxoak 2). Ura, glaziarretatik lurrazpiko uretara da hitzaldiaren izenburua, eta Eñaut Izagirre eta Inma Mugertza geologo elgoibartarrek eskainiko dute. 

Eñaut Izagirreren atalak Kriosfera, izotzaren egoera munduan dauka izena. Izagirrek Geografia ikasketak EHUn burutu ostean, hiru urte igaro ditu Patagonian Glaziologiako masterra egiten Magallanesko Unibertsitatean (Punta Arenas, Txile). Mendia, abentura eta glaziarren ikerketa zientifikoa uztartu ditu dozena bat espediziotan, eta berriki, 2016ko martxoa eta apirila bitartean, National Geographic Society-ren babesa izan duen Incognita Patagonia proiektua eta espedizioa zuzendu ditu. 

Inma Mugertzak, bestalde, Lurrazpiko ura, ezkutuko altxorra izenburupean emango du hitzaldia. Mendizalea eta naturzalea afizioz, Geologian doktorea eta lurrazpiko uretan aditua da Inma. Hainbat enpresatan egin du lan, baina azken hamar urteotan aholkulari independente gisa ibili da. Gainera, Euskal Kostaldeko Geoparkeko batzorde zientifikoko kide ere bada, eta azken urteotan, Euskal Herriko geodibertsitatearen ezagutza suspertzeko eta balioan jartzeko ahalegin berezia egiten dihardu.

  • Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da hitzaldia, 19:30tik aurrera.

 Lotura duten albisteak: