Ur putzuetako animaliak eta Katamotz iberiarra ezagutaraziko dituzte Morkaikoren hitzaldi zikloko lehen saioan

Barren.eus 2017ko ots. 21a, 19:25

Mendia eta zientzia uztartuko dituen hitzaldi zikloa antolatu du Morkaiko Mendizale Elkarteak. Hiru egunetako saioetan banatu dituzte hitzaldi-sortak, eta eguazten honetan, otsailaren 22an, izango da aurreneko hitzaldi sorta. Anfibioak eta narrastiak ardatz dituen Ziraba proiektua eta Ander Izagirre elgoibartarrak Katamotz iberiarrari buruz eginiko lana ezagutaraziko dituzte.

Mendizaletasunaren eta naturaguneen inguruko ikerketa-zientifikoak, bidaiak, espedizioak eta kultura proposamenak ezagutzera eman nahi ditu Morkaikok prestatu duen azken hitzaldi zikloan. Hasteko, faunari buruzko hitzaldi sorta eskainiko dute eguaztenean, 19:30ean, Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi-gelan. 

Ziraba proiektua aurkeztuko dute Ion Garinek eta Egoitz Alkortak. Ziraba proiektua anfibioak eta narrastiak ardatz harturik, hainbat elkartek elkarlanean aurrera eramandako proiektua da. Ingurugiroa, hezkuntza, euskara eta zientzia uztartuz, auzolanaren bidez Hernaniko udalerrian hainbat ekintza burutu dira, herriko ondarea ezagutarazi eta berreskuratzeko ahaleginetan. Parte hartzaileak Aranzadi Zientzia Elkartea, Hernaniko Udala, Ereñotzuko Auzo-Udala, Dobera Euskara Elkartea eta Txirrita eskola izan dira.

morkaiko elgoibar zientzia hitzaldiak ziraba

• Katamotz iberiarraren bila

Ander Izagirre elgoibartarra naturzalea da afizioz eta irakaslea ofizioz, baina oro har, animalia bila ibili eta argazkiak ateratzea du gustuko. Azken urteetan narrasti eta anfibioen munduan barneratu da, dibulgazio-lanak (hitzaldiak, ikastaroak eta irteera gidatuak) eginez. Oraingo honetan, Katamotz iberiarra izango du hizpide eta berak ateratako hainbat argazki erakutsiko ditu ordu erdi inguruko solasaldian. 

Martxoaren 2an izango da hurrengo hitzaldi-sorta, ura eta glaziarrei buruzkoa. 

morkaiko elgoibar zientzia hitzaldiak katamotza a izagirre