Julen Ansolak Iban Fernandezen erronkari buruz eginiko dokumentala eskainiko du Morkaikok

Barren.eus 2016ko aza. 8a, 10:40

Iban Fernandezek joan den maiatzean egin zuen Iban 2-dean erronka solidarioaren inguruko dokumentala egin du Julen Ansolak, eta Morkaikok antolatu duen Udazkeneko Mendi Emanaldien Ziklo barruan eskainiko dute estreinakoz, eguenean (azaroak 10), Elgoibarko Herriko Antzokian.

Iban Fernandezek erronka handia jarri zion bere buruari: Elgoibarko itzulia lau aldiz jarraian osatzea, eta gainera, 27 orduko denbora-muga ezarrita. Hasiera baten erronka pertsonala zena, baina, errefuxiatuei laguntzeko elkartasun-proiektu izatera pasa zen Elgoibarko 2-dean B-rotuz taldeak Fernandezen erronkarekin bat egin eta gero. Hala, Ibanek egin beharreko kilometro bakoitza (156 kilometro guztira) 25 euroan saldu zituzten, eta batutako dirua Chios irlan (Grezia) salbamendu lanean ari zen Salvamento Maritimo Humanitario Gobernuz Kanpoko Erakundeari eman zioten. Herritarren parte-hartze zabalari esker, 7.000 euro inguru batu zituzten errefuxiatuei laguntzeko.

Julen Ansola elgoibartarrak bertatik bertara jarraitu zuen Iban Fernandezen erronka eta jaso zituen irudiekin dokumental bat egin du, egun hartan gertatutakoaz, eta, oro har, erronka solidarioaren inguruan. Eguen honetan estreinatuko du dokumentala Elgoibarko Herriko Antzokian, 19:30ean. Hona hemen Iban 2-dean dokumentalaren aurrerapen bideoa:

∞ Lotura duten albisteak: