Euskal kostaldeko ekosistemei buruzko erakusketa ikusgai dago Mendaroko udaletxean

Barren.eus 2016ko ira. 13a, 12:20

Eusko Jaurlaritzak euskal kostaldeko ekosistemen ezagupena bultzatzeko helburuarekin jarri zuen abian Azterkosta egitasmoa. Programa horren barruan dago Mendaroko udaletxean jarri duten erakusketa.

Isasbazterrari buruzko Coastwatch Europako Ingurumen Hezkuntza programaren Euskal Autonomia Erkidegorako egokitzapena da Azterkosta. Europako proiektu hori 80ko hamarkadaren amaiera aldera sortu zen Irlandan, eta 1992tik dugu gure artean. Harrezkero, itsasbazterraren berezitasunak ezagutarazten, dituen arazoak jakinarazten eta gizartea kostaldeko gune naturalak babesteko beharraz kontzientziatzen lagundu nahi duen tresna da egitasmo hau. Asmo horrekin sortu zuten izen bereko erakusketa ibiltaria, herriz herri dabilena. Mendarora ere ailegatu da eta irailaren 20ra bitartean egongo da ikusgai, Mendaroko udaletxeko sarreran.

Euskal kostaldeari buruzko informazioa jasotzen duten hamahiru panelez osatuta dago erakusketa. Horietan, besteak beste, gure kostaldea, geologia, ageriko kostaldea, gizakiaren aztarnak kostaldean, paisaia aldakorra, ingurumen arazoak eta natura aldetik interesgarriak diren lekuei buruzko informazioa dago. Goizez 09:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da erakusketa.