Ufalak saihesteko "irtenbideak" eskatu dituzte Altzolako bizilagunek

Barren.eus 2015ko urt. 31a, 18:08

Bart gauekoa, gau luzea eta kezkaz betea izan da Altzolako hainbat bizilagunentzat. Deba ibaiak auzoko kaleak hartu ostean, kirioak dantzan izan dituzte atzo arratsaldetik gaur goizera bitartean, alerta gorria pasa den arte, hain zuzen ere. Bizilagunek ufal-arriskua saihesteko irtenbideak eskatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean. Mendaron ere ohiko lekuetan sortu ditu arazoak euri denboraleak eta metro bateko altuera hartu du urak Garagartza kalean. (argazkiak dauzka)

Euriteak eragindako kalteak garbitu behar izan dituzte gaur goizean Elgoibarren eta Mendaron. Elgoibarren, Andikano eta Maltzaga arteko bidegorriaz gainera, Altzola auzoa izan da kaltetuenetarikoa. Bainuetxeko Zumardian, Altzolako Urak dagoen parean, egin zuen gainezka Deba ibaiak eta ibaiari begirik kendu gabe egon dira auzoko bizilagunak azken orduetan. Eneko De La Horrak bidali dizkigun argazkietan ikus daiteke urak hartu zuen altuera, eta baita uraren maila jaitsi zenean laga zuten zikinkeria ere. Ez da urak auzoan arazoak sortzen dituen estreinako aldia, eta honenbestez, "irtenbideak" eskatzeko elkarretaratzea egin zuten bizilagunek.

2015 01 30 debagainezkaaltzolaegunez 2015 01 30 debagainezkaaltzolakourak
2015 01 30 debagainezkaaltzolakourak2 2015 01 30 debagainezkaaltzolaenborra

• Metro bateko altuera Mendaron

Mendaroren ere ez ditu ezustean harrapatu ufa-arriskuak. Deba ibaiko urak hazten direnean Garagartza kalea urpean geratu da azken urteotan behin baino gehiagotan, eta halaxe izan da oraingoan ere. Kalean behera dihoan Kilimon ibaiak ezin izan ditu bere urak Deba ibaian isuri eta gainezka egin du. Kaleko gune batzuetan metro batetik gorako altuera hartu zuen urak. Garbiketa lanetan aritu behar izan dute kaleko bizilagunek gaur goizean, baina aurreko denboralean baino kalte gutxiago izan direla dirudi, oraingoz.