Armairuak txukun mantentzeko kaxa bat asmatu du Nere Larrañagak

Barren.eus 2016ko api. 7a, 14:04

Armairuak txukun mantentzeko asmakizuna merkaturatzeko ahaleginean dihardu Mendaroko Udalean lan egiten duen Nere Larrañaga azkoitiarrak. Arropa txukun mantentzeko kaxa karratu bat sortu du, Baibe Kutxa Box Caja izenekoa.

Armairuak txukuntzen ari zela bururatu zitzaion Nere Larrañagari arropak txukun mantentzeko kaxa bat sortzeko ideia, duela bost urte. Euskadi Irratiko Amarauna saioari eskaini dion elkarrizketan azaldu du ideia izan zuenetik gaur arte jarraitu duen bidea. 

Era horretako kaxa bat erosi nahi izan zuen lehenik, baina merkatuan ez zegoela halakorik konturatu zen. “Zergatik ez dut nik asmatuko, zergatik ez dut neuk patentatuko?” galdetu zion orduan bere buruari. Interneten begira hasi zen eta Asmatzaileen Espainiako Elkartearekin hartu-emanetan jarri zen. Bere asmakizuna erregistratzeko jarraitu beharreko pausoak azaldu zizkioten eta halaxe egin zuen. Baibe Kutxa Box Caja izena jarri dio asmakizunari.

Kartoizko kaxa karratu bat da Larrañagaren asmakizuna. Barrualdera tolestu daitekeela-eta alde bat falta zaiola da kaxaren berezitasuna. Horrek ahalbidetzen du ikustea ze arropa dagoen barruan, eta ondorioz, arropa erraz hartu ahal izatea. Gainera, hiru horma dituenez, tapa edo estalkia ere izan ditzake, gainean kaxa gehiago edo beste zerbait jarri ahal izateko. 

•100 laguni inkesta

Kaxa sortu aurretik, asmakizunak herritarren artean izan zezakeen harrera edo bideragarritasuna neurtzeko inkesta bat egin zien 100 laguni Azkoitian. Besteak beste, ideia gustukoa al zuten eta merkatuan egonez gero erosteko prest al zeundekeen galdetu zien. Inkestak emaitza onak eman zituela ikusirik, kaxa egitea izan zen hurrengo pausoa. Nerek berak egin zuen etxean. Orain kaxa asko saltzea gustatuko litzaioke, baina seriean ekoiztu eta saldu ahal izateko finantzazioa behar du. Azkoitiko Iraurgi Berritzenen laguntzaz egin du merkaturatze plana eta banketxeei aurkezten dihardu orain. 10.000 euro behar ditu hiru tamainako kaxa sorta (helduentzako jertseak, kamisetaak eta prakak) merkaturatzeko. Finantzazioa lortuz gero Amazon bidez salduko lituzke sarean. Crowdfunding bidez dirua biltzea ere pasa zaio burutik, baina banketxeen erantzunaren zain dago oraingoz. 

2016 06 07 Nere Larranaga asmatzailea euskadi irratia