Alemaniako militante antifaxisten bisita jaso du Elgoibar1936 taldeak

Barren.eus 2016ko api. 5a, 13:48

Elgoibar1936 taldeak Memoria Historikoa berreskuratzeko egiten ari den lana bertatik bertara ezagutzen izan da Elgoibarren Alemaniako lagun talde bat, Die Linke alderdi politikoko kideak gehienak eta baita zenbait sindikalista ere. Bisita gidatua eskaini zieten joan den asteburuan.

Alemaniako erdialdean dagoen Turingia estatutik (Land) etorri zen bisitan politikariz eta sindikalistaz osatutako taldea, Die Linke (Ezkerra, alemanez) alderdi politikoko kideak gehienak. Horiekin batera, Euskal Herriarekin lotura handia duen Raul Zelik (Munich, 1968) idazle eta kazetaria ere etorri zen. Euskal Herrian Memoria Historikoa berreskuratzeko egiten ari diren lana ezagutzen izan dira astebetez. Nafarroan EHBildu eta Podemos alderdietako ordezkariekin bildu ostean, Zarautzen eta Donostian ere izan ziren. 

Azken geldialdia Elgoibarren egin zuten joan den asteburuan. Orain arte eginiko lana azaltzeko eskatu zieten Elgoibar1936 taldekoei, eta hauek, gonbidapenari erantzunez, “tour memorialista” bat antolatu zieten. “Erich Andres argazkilari naziak 1936ko gerran, Frankoren tropak Elgoibarren sartu zirenean, ateratako hamar argazki erakutsi genizkien eta argazki bakoitza atera zuen lekura eraman genituen, irudiak bere testuinguruan kokatzeko”, azaldu du Elgoibar 1936ko kide Hodei Otegik (ikus Erich Andresek Elgoibarren ateratako argazkiak). Besteak beste, tropek hartutako Kalegoen plaza, lubakiak non jarri zituzten, Celestino Onaindia apaizaren laguntzailea nola hil zuten, eta udaletxean jarri zituzten kalabozoak non egon ziren azaldu zieten. Gerraren amaieran, 1939an, Elgoibarko Udal Liburutegian tiroz hil zuten Emilio Etxarri Ornosagastiren berri ere eman zieten. "53 urte zituela hil zuten pistola baten tiro baten ondorioz, heriotza-agiritik datu hori ezabatu bazuten ere. Olasoko hilerrian lurpeatu zuten gero", azaldu du Otegik.

 Pedro Mugurutza etorbidean amaitu zuten herri barruko ibilbidea. Francoren diktadura hasieran egindako lanengatik, Erorien Harana (Valle de los Caidos), besteak beste, ezaguna izan zen arkitekto elgoibartarraren berri eman zieten alemaniarrei. “Kaleari izena aldatzeko behin baino gehiagotan eskatu dugula ere azaldu genien”. Handik, Zirardamendira joan ziren guztiak, gudariak desobiratu zituzten lekua ezagutzera. Iñaki Egaña historialari eta Euskal Memoria Fundazioaren presidenteak ere hartu zuen parte ibilbide gidatuan, eta honek ere egiten diharduten lanaren berri eman zien alemaniarrei. 

2016 04 05 alemaniarrak kalegoen elg1936

2016 04 05 alemaniarren bisita elgoibar1936 zirardamendi 2016 04 05 alemaniarren bisita elgoibar1936 zirardamendi1