'Jolasa kalera barixakuetan' egitasmoa jarriko dute martxan hilaren 5ean

Barren.eus 2023ko mai. 3a, 09:43

Iazko udazkenean Jolasaren Astea ospatu zuten herriko hainbat eragilek Udalarekin elkarlanean, eta jolasa kalera atera zuten estreinakoz. Egitasmoak izan zuen harrera ona ikusita, haren bidetik antolatu du Udalak 'Jolasa kalera barixakuetan' egitasmoa, Atxutxiamaikaren laguntzarekin, eta maiatzaren 5ean egingo dute lehenengo saioa.

Barikuan hasita, maiatzeko eta ekaineko barikuetan izango da. Egun horietan 17:00etatik 19:00etara hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izango dute 0-5 urte arteko umeek: eraikuntza jolasak, esperimentazio jolasak, sormena lantzeko jolasak… oro har, aire librean jolas librerako aukera izango da. Lekueder parkean egingo dituzte jolasak, eta euria egiten badu, parrokiako arkupeak erabiliko dituzte.

 • Umeentzako Erromeria, Azkuen
Datorren barikuan, maiatzaren 12an, salbuespena izango du egitasmoak. Izan ere, Udal Ludotekak, Atxutxiamaikak eta Musika Eskolak elkarlanean umeentzako erromeria egingo dute Azkuen, eta bertan jarriko dute jolasen gunea. Arduradunek zehaztu dute haurrak heldu batekin joan beharko direla jolas gunera, eta jolasa gidatzeko hezitzaileak egongo diren arren, haurra guraso edo tutorearen arduran egon beharko dela uneoro. Ez dago aurrez izena eman beharrik. Iaz egin zuten estreinakoz umeentzako erromeria Azkuen.

2023 05 03 erromeria umeentzat azkuen 2022 BARREN 

∞Lotura dutenalbisteak: