Kalbariora eginiko irteerarekin amaitu da umeentzako mendi irteeren denboraldia

Barren.eus 2023ko api. 24a, 17:03

Elgoibarko umeentzako eta gurasoentzako mendi irteera sorta antolatu zuen Morkaiko mendi taldeak, Elgoibarko Ikastolarekin eta Herri Eskolarekin elkarlanean, eta atzo egin zuten denboraldiko azkena: Urkamendi-Kalbario.

Debara arte trenez joan ziren 38 eskola-ume eta beste horrenbeste nagusi. Eguraldiaren iragarpenak halakorik aurreratu ez zuen arren, Debara heldu orduko euriak egin ziela ongi-etorria azaldu dute, baina eguraldiak ez zituen mendizale prestuak geldiarazi, eta mendirako bidea hartu zuten Deba atzean lagata. Euriak ez zuen askorik iraun eta lehen aldapak igotzen hasi orduko atertu zien. Hala, ibilbide bustia topatu zuten arren, kostaldeko paisaia ederrez gozatzeko aukera izan zutela azaldu dute antolatzaileek. "Itxasoa parez pare genuela Kalbarioko ermitara heldu ginen. Han indarberritu eta Urkamendi tontorra igo genuen atzera Debara itzuli aurretik".

2023 04 23 kalbariora mendi irteera morkaiko elgoibar 1

 • Itzulitxorako izen ematea
Umentzako mendi irteeren denboraldia amaitu bada ere, gaztetxoek mendiaz elkarrekin gozatzeko aukera berri bat izango dute Morkaikoren Egunaren barruan egingo duten Itzulitxoan, maiatzaren 13an. Parte hartzera animatu ditu Morkaikok. Dagoeneko zabalik dago izen ematea, kirolprobak.com web orrian.

Iaz, 200 bat lagunek hartu zuten parte Elgoibarko Itzulitxoan. 

∞Lotura duten albisteak: