Elgoibarko Mendi Itzuliko ibilbidea berriz markatu du Morkaikok

Barren.eus 2023ko urt. 31a, 15:08

Hori koloreko puntuz josi du Morkaikok Elgoibarko Mendi Itzuliaren ibilbidea.

Mendi ibilbideak segurtasunez egin ahal izateko ezinbestekoa da ibilbideok eta honi lotutako azpiegiturak egoera onean mantentzea: bidea txukun, norabide seinaleak egoera onean eta etenik gabe, pintura marka argiak eta etenik gabe, informazio panelak, e.a. Asmo horretan, Elgoibarko Mendi Itzulia (orain arte PR-Gi-157 zena) egin ahal izateko markak berritu ditu Morkaiko mendi taldeak. Joan den Eguberrietan markatu zuten berriro ibilbidea, hori koloreko puntuekin. 

 • Homologazioa galdu
Morkaikotik jakitera eman dutenez, PR ibilbidea izateari laga dio Elgoibarko Mendi Itzulia ibilbideak. PR laburdura frantseseko Petite Randonnée-tik dator: ibilbide laburrak dira, seinalatuak eta homologatuak. "Homologazioari eustea zaila zen, eta gainera beste PR eta GR (Grande Randonnée) ibilbideekin nahasten omen zen. Hori dela-eta mendi ibilbidea izango da aurrerantzean Elgoibarko Mendi Itzulia", esan dute. Udalarekin adostutako hitzarmen bat dutela ere jakinarazi dute, joan den udan sinatua, eta horren arabera, Udalaren ardura izango da bidea egoera onean mantentzea eta Morkaikorena marken mantenua.

Zehaztu dutenez, Morkaikoren Egunaren barruan egiten den Elgoibarko Mendi Itzuliaren ibilbide oso antzekoa den arren, ez da Kalamuako tontorretik igarotzen, baina bai ordea Idotorbetik. Iruturritik egiten du Idotorberantz bideak, Irunabetik igarota eta Saturixora jeitsi beharrean. "PR GI 157 Elgoibarko Itzulia ibilbidea eta guk maiatzean egiten dugun ibilbideak oso antzerakoak dira, baina ez erabat berdinak, PRak ez baita Urnobitzatik eta Kalamuatik igarotzen", adierazi dute.

Marka berriak prest daudenez, mendi itzulia prestatzera animatu dituzte mendizaleak Morkaikokoek. Aurtengo Morkaikoren Eguna maiatzaren 13an izango dela aurreratu dute. "Hasi prestatzen punto horiak jarraituaz", esan dute. Elgoibar mendiz mendi inguratzen duen itzuliaren ibilbideak 38 kilometro inguruko luzera du, eta 2.000 metro inguruko gorako desnibel positiboa. 

Hona ibilbidea eta track-a

2023 01 28 karakate marka berria puntu horia morkaiko elgoibar