Musika Gauan entzule eta protagonista izan dira Aldenik Aldeneko umeak

Barren.eus 2022ko aza. 29a, 15:43

Elgoibarko musikari gazteak entzuteko aukera izan zuten, zapatuan, Aldenik Alden egitasmoan parte hartzen ari diren umeek, eta horrez gainera instrumentuak probatu eta musikariei nahi adina galdera egiteko aukera izan zuten Musika Gauan.

Aita Agirreko harmailetan egin zuten Musika Gaua ekimena. Musikarien kontzertua hasi aurretik, haurrak era horretako kontzertu batek merezi duen gisan apaindu eta jantzi zituzten. Etxetik eraman zuten kamiseta apaindu behar izan zuten eta batzuek aurpegia eta ilea margotzera ere ausartu ziren. Prestatu ostean, Elgoibarko musikari gazteek eta Mauxitxa txarangako zenbait kideen kontzertuaz gozatu zuten. Denek elkarrekin 'Aldapan gora' abestia kantatuz eman zioten amaiera kontzertuari. Ostean, haurrek musika tresnak probatzeko aukera izan zuten, musikariekin berba egitekoa eta baita mokadutxo bat hartzekoa ere. "Musika gau borobila izan zen", esan dute Aldenik Alden-eko arduradunek.

 • Bazkaria, abenduaren 17an
Atxutxiamaikak Udalarekin lankidetzan Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. maila bitarteko ikasleei eskaintzen dien programa da Aldenik Alden, eta prest dute hurrengo eskaintza. Abenduaren 17rako bazkaria antolatu dute. "Urteari elkarrekin esan nahi diogu agur eta horretarako, abenduaren 17an bazkaria egingo dugu LH4-6ko umeekin. Bazkaltzeaz gain, hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera egongo da: jolasak, dantzaldia eta hainbat sorpresa", aurreratu dute. Izena emateko: elgoibarkoizarra.eus

2022 11 26 musika gaua aldenik alden abesten atxutxiamaika

2022 11 26 musika gaua aldenik alden b1 atxutxiamaika

2022 11 26 musika gaua aldenik alden kitarra atxutxiamaika

2022 11 26 musika gaua aldenik alden perkusioa atxutxiamaika