Igerileku estaligabeak eraikitzeko alternatibak aurkezteko bilera irekira deitu ditu herritarrak Mendaroko Udalak azaroaren 16rako

Barren.eus 2022ko aza. 10a, 14:31

Azaroaren 16rako bilera irekia antolatu du Mendaroko Udalak herrian igerileku estaligabeak eraikitzeko dituen alternatibak aurkezteko.

Bilera, udaletxeko pleno aretoan izango da, 18:00etan. Iñaki Arregi alkateaz gain, Sestra Ingeniería y Arquitectura S.L. enpresako Iñigo Carretero ingeniaria izango dira bileran (Igerileku estaligabeak ezartzeko aukeren azterketa egin duen enpresa da Sestra).

Herriko kirol azpiegituren diagnostikoa egiteko eta herritarren nahia ezagutzeko inkesta zabaldu zuen martxoan Mendaroko Udalak, eta guztira 12 urtez gorako 190 lagunek bete zuten inkesta, on-line batzuek eta eskuz besteek. Inkestaren emaitzak ekainaren 23an aurkeztu zituzten, udabaltza aretoan, eta azaldu zuten kirolgunea, igerileku estaligabeak, bidegorria eta futbol-zelaia lehenetsi zituztela herritarrek.