Rol joko bat eta Musika Gaua antolatu dituzte Aldenik Alden programakoek azarorako

Barren.eus 2022ko aza. 4a, 12:43

Datozen asteetarako prestatu duten eskaintzaren berri eman dute Atxutxiamaikaren Aldenik Alden egitasmoko arduradunek.

Atxutxiamaikak Udalarekin lankidetzan Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. maila bitarteko ikasleei eskaintzen dien programa da Aldenik Alden, eta prest dute azarorako eskaintza.

  • Batetik, Rol joko bat antolatu dute azaroaren 12rako. Mendaron egingo dute eta egun osorako ekintza izango da, 10:00etatik 17:00ak arte bitartekoa. Mendarok XVIII. mendean izan zezakeen itxurarekin girotuko dute rol jokoa egiteko prestatuko duten ingurunea, eta Mendaroko uren jabetasuna izango da jokoaren ardatzetako bat. Hortaz, jokoa, historia eta kultura uztartuko ditu gaztetxoentzako eskaintzak.
  • Bestetik, Musika Gaua prestatu dute azaroaren 26rako. Ekitaldi horretan, hainbat gazte elgoibartarrek kontzertua emango dute Aita Agirre Kulturgunean. Emanaldiaren amaieran, instrumentuak probatu eta galderak egiteko aukera izango dute parte hartzen duten umeek, jatordu txiki baten bueltan. 18:00etatik 21:00etara bitartean izango da.

Izen ematea azaroaren 7an zabalduko dute, 09:00etan, eta azaroaren 9an itxiko da. Rol jokoan parte hartzeko 19 euro ordaindu beharko dituzte bazkideek eta 21 euro gainerakoek. Musika Gauan parte hartzeko prezioa 8 eurokoa izango da bazkideentzat; eta, 9 eurokoa gainerakoentzako. Elgoibarko Izarraren bulegoan (Aita Agirre Kulturgunea 3, 3 ezk) telefonoz (943 741 746) zein Internetez (hemen) eman ahal izango da izena.

Informazio osoa: elgoibarkoizarra.eus

2022 11 04 Aldenik alden Azaroa kartela atxutxiamaika