Mendi emanaldi zikloa kolokan dago antolatzeko boluntarioak behar dituztela-eta

Barren.eus 2022ko urr. 7a, 07:37

Morkaiko mendi taldeak boluntarioak behar ditu udazkenero antolatzen duten mendiko emanaldien zikloa antolatu ahal izateko.

"Urtero egin izan ohi dugun mendi emanaldi zikloa kolokan dago. Baina oraindik denboraz gabiltza hau aurrera ateratzeko gogoa duen talde berri bat sortzen badugu", adierazi dute mendi taldeko kideek. Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloa mendizaletasunaren inguruan elkartzen diren kirol-ekintza, bidaia, espedizio eta kultura proposamenak ezagutzera emateko erabiltzen den espazioa dela gogora ekarri dute.

Aurtengo ziklorako ideia batzuk badituztela azaldu dute, baina horiek edo beste ideia berri batzuei tira egingo dien jendea behar dute. Taldea sortu edo ekimenera batzeko interesa dutenei eurekin harremanetan jartzeko eskatu diete. Horretarako, izen-abizenak eta telefono zenbakia emailez morkaiko@morkaiko.eus helbidera bidaltzeko eskatu diete.

2022 10 07 morkaiko mendi emanaldiak 2018 musika eskolan