Azken urteotako erabiltzaile kopuru handiena izan dute Mintxetako igerilekuek

Barren.eus 2022ko ira. 13a, 08:43

Domekan amaitu zen bainu denboraldia Mintxetako aire libreko igerilekuetan, eta arduradunek eman dituzten datuen arabera, 47.000 erabiltzaile jaso dituzte aurten, 2013az geroztik kopuru altuena.

Udal Kirol Patronatua 2005. urtean hasi zen zenbatzen Mintxetako igerilekuek izaten duten erabiltzaile kopurua. Bainu denboraldi jendetsuena 2009koa izan zen, 55.056 erabiltzaile zenbatu baitzituzten urte hartan. 2012an eta 2013an ere 50.000 erabiltzaile baino gehiago izan ziren, baina harrezgero ez da langa hori gainditu. Aurten hurbildu da gehien kopuru horietara, 47.000 erabiltzailerekin. Hala, batez beste eguneko 500 erabiltzaile inguru izan dituzte igerilekuek ekainaren 11tik irailaren 11ra bitartean.

Mintxetako udako denboraldiaren balantze "oso positiboa" egin dute Udal Kirol Patronatuko arduradunek. “Aipatzeko moduko istripurik ez da izan, eta alde horretatik ere inoiz baino positiboagoa izan da", esan dute. Alabaina, erabiltzaile gutxi batzuren jarrera "inoiz baino txarragoa" izan dela ere aipatu dute, eta denonak diren instalazioak batzuetan edonola erabili dituztela agerioan laga nahi izan dute. "Aldageletan eta komunetan grafitiak egin dituzte edo paretak paperez zikindu". Jaien azken egunean, abuztuaren 28n, herriko gazte kuadrilla batek igerilekuko tabernan izandako jarrera ere salatzekoa izan zela gaineratu dute, "mozkor-mozkor eginda instalazioekiko eta erabiltzaileekiko errespetu falta nabarmena erakutsi zutelako". Horiez aparte, denboraldia bikaina izan dela ondorioztatu dute, eta elgoibartarrek zein bisitariek uda osoan "kalitatezkoak, seguruak eta irisgarriak diren instalakuntza erakargarriez gozatzeko aukera izan dute”.

Mintxetako igerilekuetako erabiltzaile kopuruen bilakaera, urtez urte:

  • 2022: 47.000 erabiltzaile
  • 2021: 41.500 
  • 2020: 27.000 
  • 2019: 43.000 
  • 2018: 42.000
  • 2017: 34.000 
  • 2016: 40.411 
  • 2015: 45.123
  • 2014: 34.522
  • 2013: 53.527
  • 2012: 52.000
  • 2011: 42.065
  • 2010: 48.000
  • 2009: 55.056
  • 2008: 34.342
  • 2007: 15.000
  • 2006: 29.000
  • 2005: 32.000

2022 09 14 mintxeta igerilekuak elgoibar 2022uda aitor 

∞ Lotura duten albisteak: