Apirilerako eta maiatzerako eskaintza prest du Aldenik Alden programak

Barren.eus 2022ko api. 13a, 11:18

Atxutxiamaikak Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. maila bitarteko ikasleei eskaintzen dien programa da Aldenik Alden, eta datozen asteetarako eskaintzaren berri eman dute: Pijama festa, Ulia mendira irteera eta Cluedo jokua.

Hasteko, Pijama festa antolatu dute apirilaren 30erako, zapatua. Batidoak egin eta dastatzeaz gainera, afal ostean Karaokean abestu eta desfilea egingo dituzte. Elgoibarko Ludoketan egingo dute Pijama festa, 18:30etik 22:30era bitartean.

Maiatzaren 14rako, berriz, Donostiako Ulia mendira irteera antolatu dute. Egun osoko irteera izango da, 10:00etatik 17:00etara.
Azkenik, maiatzaren 28rako Aldenik Aldeneko Cluedo jokoa prestatu dute, gaztetxoei egun batez detektibe izateko aukera emateko. Rol erako jokoa izango dela aurreratu dute Atxutxiamaikatik.

Aipaturiko ekintzetan izena emateko epea apirilaren 20an zabalduko dute, eta apirilaren 27ra bitartean egongo da izena emateko aukera. Elgoibarko Izarraren bulegoan (Aita Agirre kulturgunea 3, 3 ezk.) eman ahal izango da izena edo www.elgoibarkoizarra.eus webgunean.

2022 04 13 aldenik alde kartela atxutxiamaika elgoibar