Udaberriari ongi-etorria emateko festa antolatu du Atxutxiamaikak

Barren.eus 2022ko mar. 30a, 08:17

Udaberri Festa antolatu du Atxutxiamaikak zapaturako, Udalarekin lankidetzan. Era berean, Udaldirako hezitzaileak behar ditu Elgoibarko Izarrak.

Udaberri Festaren barruan, Udaberriari ongi-etorria emateko hainbat ekintza egingo dituzte, apirilaren 2an Kalegoen plazan: eskulan gidatuak zein libreak, jolasak, tailerrak... 11:00etatik 14:00ak bitartean izango da. Euria eginez gero, udaletxeko arkupeetan batuko dira.

 • Udaldirako hezitzaileak behar ditu Elgoibarko Izarrak
Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak udaldiko aisia eskaintzan lan egiteko hezitzaileak behar ditu. Hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak amaituta izatea edota begirale titulua izatea eta ahozko euskara maila handia izatea eskatzen da. Era berean, aisialdian lan-eskarmentua izatea, Elgoibarkoa izatea, Heziketa berezietako ikasketak nahiz esperientzia izatea, espezializazio ikastaroak egin izana eta herrigintzan jardun izana ere baloratuko dute.
Interesatuek apirilaren 22ra arte dute www.elgoibarkoizarra.eus webguneko lan poltsan curriculumak sartzeko epea. Hautagaiek froga bat egin beharko dute, eta merituak baloratuko zaizkie. Azkenik, hautatuak direnek asteburuko formazio saio bat egin beharko dute. Informazio osoagoa: elgoibarkoizarra.eus