Aldenik Aldeneko martxoko ekintzetarako izen-ematea martxoaren 2ra arte

Barren.eus 2022ko ots. 25a, 09:18

Aldenik Alden egitasmoaren baitan bi jarduera antolatu ditu Atxutxiamaikak martxorako, Udalak babestuta. Batetik, martxoaren 5ean, irteera egingo dute Karrantzako haranera animaliak eta Jurasiar garaiko dinosaurioak ezagutzeko.

Bizkaiko mendebaldean dagoen Karrantza haraneko animalia aterpea da Karpin Abentura. Ez da zoologiko bat, laguntza behar duten animalia basatiak jasotzen dituen gunea baizik. 55 animalia- espezie baino gehiago babesten dituzte, besteak beste, oreinak, katamotzak, orkatzak, saiak, dortokak, ostrukak, mapatxeak eta arantzurdeak. Zentro honek animaliak ingurune natural batean eta bertatik bertara ikusteko aukera emateaz gain, gure inguruan dauzkagun animalia eta landareak zaindu behar ditugula kontzientziatzeko lanean dihardu. Dinosaurioen bizimodua nolakoa zen erakusten duen Terrasauro bat ere badu Karpin Abenturak. Elgoibartik joango diren gaztetxoak egun pasa joango dira Karrantzaraino, 10:00etatik 17:00etara, eta 20 euro (bazkideek 18 euro) ordaindu beharko dira parte hartzeko.
 • Itzalekin jolasean
Bestalde, martxoaren 19an eta 26an itzalekin jolas egiteko aukera izango dute umeek 10:00etatik 13:00etara Kultur Etxeko Sotoan. Itzal titere laborategiaren eskutik bi saio egingo dituzte; lehena Zurrunka antzerki taldeak eskainia eta Aldenik Aldeneko lan taldeak bigarrena, azken hori, umeen ideia eta ekarpenekin egingo dute. (18 euro; bazkideek 16 euro) ordaindu beharko dituzte joan nahi dutenek. Martxoaren 2ra arteko epea izango da izena emateko www.elgoibarkoizarra.eus webguneko formularioa betez.

2022 02 25 aldenik alden atxutxiamaika martxoa