Kayaklari euskaldunen abenturak Patagoniako mendietan, Morkaikoren mendiko emanaldien azken saioan

Barren.eus 2015ko abe. 16a, 14:13

Caminos de Agua izeneko filmaren emanaldiarekin amaituko da Morkaiko Mendizale Elkarteak prestatu duen Udazkeneko Mendi Emanaldien Zikloa, eguen honetan (abenduak 17). Hiru kayaklari euskaldunek burututako hilabete inguruko bidaia kontatzen du 52 minutuko filmak, Patagoniako mendietatik hasi eta Pazifikoko uretara arte. (bideoa dauka)

2015 12 16 caminosdeagua morkaikov1Caminos de Agua kayak espedizio ezberdin baten harira sortutako pelikula dela azaldu dute Morkaiko mendi taldeko arduradunek. Mikel Sarasola, Aitor Goikoetxea eta Xabier Olano kayaklari euskaldunek eginiko hilabete inguruko bidaia kontatzen du filmak, Patagoniako mendietatik hasi eta itsasora arte. 600 km luzeko bidaia, zeinetan ur-jauzi eta erreka berriak bilatu eta Patagoniako laku handiak zeharkatu zituzten, beti ere kayak-ak erabiliz. Irudi ikusgarriz eta hiru lagunei bizitzea tokatu zitzaien pasadizo bitxiez beteta dago filma.

Mikel Sarasola da bidaiari buruzko filmaren egilea, eta bere lanak hainbat sari jaso ditu mendiari buruzko jaialdi entzutetsuetan. Besteak beste, 2014ko Bilboko Mendi Film Festivalean edo Peruko hiriburu Liman egiten duten InkaFest jaialdian. 

Mikel Sarasola Elgoibarrera etorriko da bere lana aurkeztera eta ikusleek izan ditzaketen zalantzak zuzenean argituko ditu. 21:30ean hasiko da emanaldia Elgoibarko Herriko Antzokian, eta hiru euroan salduko dituzte sarrerak.

Hona hemen, espedizioa prestatzeko aurre-lanei buruzko bideoa, eta Caminos de agua filmaren aurrerapen bideoa: