Martxoan hasiko dituzte Ludoteka berria Bolatokiko parkean eraikitzeko lanak

Barren.eus 2022ko ots. 17a, 13:57

Bolatokian, San Inazio kaleko 9. zenbakian, eraikiko duten Ludoteka berria egiteko lanak martxoan hasiko dituztela jakinarazi du Elgoibarko Udalak.

Udalak esleitu ditu Ludoteka berria egiteko lanak, eta Construcciones Aplibur S.L. eraikuntza enpresak egingo ditu lan horiek lau hilabeteko epean. Udaletik prentsa ohar bidez zehaztu dutenez, martxoan hasiko dituzte obrak Ludotekaren kokaleku berria izango den San Inazio kaleko 9. zenbakian. Eremua egokitzeak 202.830,86 euroko aurrekontua izango du, BEZik gabe. Ludoteka berriak 173,79 metro koadroko azalera erabilgarria izango du.

Ludotekak izango duen kokapen berriaren onurak nabarmendu dituzte udal agintariek: "Udalerriaren erdigunean dago, parke baten ondoan, eta, horri esker, jarduerak egin daitezke kanpoan, eguraldiak uzten duen neurrian, eta oinezkoentzako gune batean, eta, beraz, ibilgailuen trafikorik gabe. Aldi berean, helburua espazio hori dinamizatzea da. Egungo ludoteka Elgoibarko Ikastolatik oso gertu dago, baina ikastetxetik urrun. Ludoteka berria erdigunean egongo da, herritarrentzat oso irisgarria den gune batean. Udalak, gainera, zaintza inklusiboaren eredua zabaltzen jarraitzen du herriko erdigunean".


 • Diseinua herriko haur eta nerabeekin batera
Proiektuak lokala egokitzeko behar diren obra guztiak jasotzen ditu: instalazio-lanak, espazioen banaketa eta ingurua hobetzea. Egungo ludotekan eskaintzen diren hainbat zerbitzu mantenduko dituzte: ataria, harrera, mahai-jokoen gela, hezitzaileen gela, erabilera anitzeko gela, tailerra, komunak eta biltegia. Ludoteka berriaren altzarien eta edukien diseinua herriko haur eta nerabeekin batera egingo dutela aurreratu dute.

∞Lotura duten albisteak: