Himalaiako Langtang haranera eramango gaitu Morkaikoren mendi emanaldiak, gaur

Barren.eus 2015ko abe. 3a, 08:02

Himalaiako Langtang Himal haran ezkutuan murgildu ziren Ibai Rico gasteiztarra eta Evan Miles estatubatuarra 2014ko udazkenean, glaziologia ikerketak eta eskalada helburu zituen espedizio batean. Espedizioari buruzko xehetasunak azalduko ditu gaur (abenduak 3) Ibai Ricok berak, Morkaikoren Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloko azken aurreko emanaldian. (bideoa dauka)

Burning Kharkas Himalaian izeneko mendi emanaldia antolatu du gaurko Morkaiko mendi taldeak. Ibai Rico etorriko da Himalaian bizitako abentura kontatzera. “Himalaiako Langtang Himal haran ezkutuan esplorazioaren esentzia garatzeko aukerak amaigabeak direla ikusteak zirraratzen nau. Hala ibili ginen, glaziologiako ikerketak aitzaki, estilo alpetarraren esentzia garatzen; arin eta azkar eskalatuz, 6.000 metrotik gorako mendi ezezagunetan”, azaldu du espedizioaren harira. 

Ganchempo gailurra egin zuten eta izotz-bide berri bat ireki zuten 6.000 metrotik gorako izenik gabeko mendi batean. 

Lanbroa tabernan izango da emanaldia (21:30). 

•Piraguista euskaldunen abenturak azken emanaldian

‘Caminos de Agua’ izeneko filmaren emanaldiarekin amaituko da Morkaiko Mendizale Elkarteak prestatu duen Udazkeneko Mendi Emanaldien Zikloa, datorren abenduaren 17an. Hiru piraguista euskaldunek burututako hilabete inguruko bidaia kontatzen du 52 minutuko filmak, Patagoniako mendietatik hasi eta Pazifikoko uretara arte. 600 kilometro luzeko bidaia, zeinetan ur-jauzi eta erreka berriak bilatu eta Patagoniako laku handiak zeharkatu zituzten piraguan. Filmaren egile Mikel Sarasola Elgoibarrera etorriko da bere lana aurkeztera. 21:30ean hasiko da emanaldia Herriko Antzokian, eta hiru euroan salduko dituzte sarrerak.