Eguenean aurkeztuko dute Aldenik Alden egitasmoaren ikasturte berria, berrikuntza ugarirekin

Barren.eus 2021ko ira. 27a, 13:41

Aldenik Alden ezagutzera eman eta ikasturteko lehen ekintza guztien artean adosteko kalera irtengo da egitasmoko lantaldea, eguen honetan, irailaren 30an. Gainera, kontua zabaldu berri dute Tiktok sare sozialean eta saria izango duen erronka bota diete herriko gazteei.

Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi taldeak euskararen erabilera sustatzeko martxan jarri zuen egitasmoa da Aldenik Alden, Elgoibarko Udalaren laguntzaz, eta Lehen Hezkuntzako 4. mailatik 6. mailara arteko ikasleei zuzenduta dago. Hilean bitan (zapatu eta domeketan) egiten dituzte ekintzak, eta sarritan erabiltzaileek eurek erabakitzen dute zer egin nahi duten. Aldenik Aldeneko lan taldea kalera irtengo da eguenean, 17:00etatik 19:00etara bitartean, egiten dihardutena herritarrei erakustera eta ikasturte berriko lehendabiziko ekintza denen artean aukeratzeko.

  • Batetik, Kultur Etxeko sotoan, azken urteetan egin dituzten ekintzetako argazkiekin osatutako bideoa ikusteko aukera izango da. Sarrera librea izango da.
  • Bestetik, Kultur Etxearen kanpoaldean, Kalebarren plazan, Aldenik Aldeni buruzko informazio txoko bat prestatuko dute. Besteak beste, egitasmoaren inguruko informazioa jasotzeko galdetegi bat betetzeko aukera izango da, edo watsapp zerrendara batzekoa. Gainera, urriaren 9an egingo duten lehen ekintza adosteko batzarra egingo dute.

• Tiktok, erronka eta saria
Gazteen artean arrakasta handia duen Tiktok sare sozialean kontua (Aldenik_Alden) zabaldu dute Aldenik Alden egitasmokoek. Eta, hasteko, aurkezpen bideo bat eta erronka bat zabaldu dituzte kontu horren bitartez. Parte hartzen dutenen artean bi sari zozkatuko dituzte, herriko komertzioean gastatzeko bi bono. Ostegunean egingo dute zozketa, 19:00etan. Parte hartzeko dinamikari dagokionez, erantzunak ostegunian bakarrik jasoko dituzte, 17:00etatik 19:00etara bitartian. Hortaz, Tiktok kontura igo duten bideoan ikusi behar da erronka zein den, eta erantzunak bilatzen hasteko aukera bakarrik izango da. Zehaztu dutenez, parte hartzeko ez da derrigorrezkoa tiktok kontu bat izatea, ostegunean ere izango delako parte hartzeko aukera.

2021 09 27 aldenik alden atxutxiamaika elgoibar izarra ibaian