Kukulaisi euskaltzaleen topagunea sortu da, euskarazko aisialdia artikulatu eta garatzeko

Barren.eus 2021ko ira. 25a, 12:55

Kukulaisi euskaltzaleen topagunea federazioa eratu da, gaur goizean, Elgoibarko musika eskolan egindako eratze bilkuran. Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten euskara elkarteek egindako hausnarketaren emaitza izan da erakunde berriaren sorrera, tokian tokian euskarazko aisialdia lantzen duten egitasmoak artikulatu eta garatzeko.

Guztira hamalau euskara elkarte batu dira Kukulaisi federaziora, lehendik ere euskarazko aisialdi egitasmo sendoak dituzten elkarteak, horien artean Elgoibarko Izarra. Ondokoak izan dira lehen txanpan federaziora batutako elkarteak:

Horiez gain, Euskaltzaleen Topagunea eta Kultur Kabia aisialdiko zerbitzu enpresak ere parte hartu dute Kukulaisi federazioaren eraketan.

Federazioaren sorreran euskara elkarteen mugimenduko elkarte eta eragileak batu badira ere, euskarazko aisialdia garatzen dituzten bestelako elkarteei ere zabalik dagoela azpimarratu dute Kukulaisi euskaltzaleen topagunearen ordezkariek. Era berean, lehen eratze batzarrean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako elkarteek parte hartu badute ere, federazioa Euskal Herri osoko eragileak biltzeko sortu dela nabarmendu da.
Eratze batzarraren hitz hartzeetan euskarazko aisialdiak hizkuntzaren garapenean duen garrantzia azpimarratu da. Hezkuntza formalak duen funtsezko papera ahaztu gabe, aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan ezinbesteko elementua da eta hizkuntzaren normalizazioan ere ekarpen handia egiten duela aipatu da. Horregatik, aisialdi arloan egiten diren proiektu anitzen artikulaziorako eta garapenerako tresna modura aurkeztu da federazio berria. Sektore artikulatu batek bere eragina biderkatu dezakeela nabarmendu da, azkenik.
Eratze bilkuran Elgoibarko Izarra euskaltzaleen topaguneko ordezkari Naiara Martinek eman die ongi etorria bertaratutako guztiei. Gainera, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek, Kukulaisi federazio berria gidatuko duen zuzendaritza taldeak eta zuzendariak ere hartu dute hitza. Federazioa eratuta, lehen hilabeteetan, orain arteko gogoetatik irtendako asmoak egitasmo zehatzetan gauzatzeari ekingo diotela hurrengo astelehenetik aurrera aurreratu dute.

2021 09 25 kukulaisi sorrera elgoibar eratze batzarra

2021 09 25 kukulaisi sorrera elgoibar

2021 09 25 kukulaisi aisialdia sorrera zuzendaritza sinaketa Elgoibar

2021 09 25 kukulaisi sorrera elgoibar zuzendaritza Batzordea

2021 09 25 kukulaisi aisialdia sorrera zuzendaritza sinaketa Elgoibar sarean1