Durangoko Zientzikasi enpresak kudeatuko ditu Mendaroko ludoteka eta gaztelekua

Barren.eus 2021ko ira. 22a, 13:12

Agintzari enpresak kudeatu ditu gaur arte Mendaroko ludoteka eta gaztelekua, baina aurrerantzean Durangoko Zientzikasi enpresak kudeatuko ditu. Dagoeneko zabalik dago Mendaroko ludotekan izena emateko epea.

Duela hamabost egun bi begiraleren bila zebiltzan oharra plazaratu zuten, eta orain jakinarazi dute zabalik dagoela ludotekan izena emateko epea. Astelehenetik eguenera arteko zerbitzua eskainiko dute bertan 4-10 urte bitartekoentzat, eta barikuetan 11-12 urtekoak hartuko dituzte ludotekan. Interesatuek ludotekan bertan eman behar dute izena, eta 44 euroko ingresoa egin beharko dute ondorengo kontu korronte zenbaki honetan: 2095 5054 011061225891. Ludotekako ikasturtea ekainaren 24an amaituko da.

Ludotekako eskaintzaren barruan, eskaintza ezberdinak egin ahal izango dituzte umeek: eskulanak, Lego tailerrak, jokoak, sukaldaritza eta mugimendu tailerrak, mendi irteerak... “Helburua da Mendaroko haurrek herrian bertan aisialdi aukera ezberdinez gozatzeko aukera izatea”.
Honakoa da ludotekako zerbitzuaren antolaketa eta ordutegia:
- Astelehenetik ostegunera: 4-10 urte bitarteko haurrak
 17:00-18:30
- Ostiralak: 11-12 urte bitarteko haurrak
 17:00-19:00

informazio gehiago mendaro.eus

∞Lotura duten albisteak: