Jose Mari Zialtzeta: “Semeak eraman zuen motxila soinean, eta nik, urteen motxila”

Barren.eus 2021ko ira. 16a, 16:16

77 urte ditu Jose Mari Zialtzetak, eta Mulacen (3.480m.) mendia igo du abuztuan. Egun batetik bestera egin zuen plana semearekin, eta Granadara abiatu ziren biak.

Bi etapatan igo zuten mendia, eta pozik etorri dira, “oso pozik”. Mendian ibiltzea gustuko du, eta horrek laguntzen dio sasoian egoten. Inoiz ez da berandu gustuko erronkak burutzeko.

 • Birritan pentsatu gabe egin zenuen semearekin plana. Nola izan zen?
Semeak esan zidan Sierra Nevadara zihoala Mulacen mendia igotzera, eta galdetu nion ea nik igotzeko modukoa ote zen mendi hori. Eskalatu edo antzekorik egin behar ote zen galdetu nion, eta ezetz esan zidan, orduak ibili behar zirela, baina konplikazio berezirik ez zeukala mendiak. Orduan berarekin joango nintzela esan nion, eta biok abiatu ginen Granadara. Abuztuaren 26an joan ginen, eta lehenengo egunean Granadan egin genuen lo.

2021 09 17 Jose Mari Zialtzeta mulhacen semeagaz elgoibar barren
 • Iberiar Penintsulako mendirik altuena da Mulacen. Nola egin zenuten igoera?
Hilaren 27an Sierra Nevadara joan ginen, autoz igo ahal zen punturaino, eta handik abiatu ginen oinez. Lehenengo egunean autotik aterpetxe batera arteko bidea egin behar genuen, eta hori izan zen agian gogorrena. 12 kilometro ziren, baina bero egiten zuen eta 19:30ean geneukan afaria eta ordurako iritsi nahi genuen. Ondo egin genuen bidea, baina prisa puntu batekin. Hurrengo goizean, freskuran, abantatu ginen tontorrerantz, Elgoibarko sanbartolomeetako feria egunean. Ostatuko gizonak galdetu zidan ia zenbat urte nituen, eta 77 nituela esan nionean harrituta esan zidan ea Mulacen igo behar nuen! Saiatu egingo nintzela erantzun nion.

 • Saiatu, eta lortu!.
Bai, lasai hartu genuen eguna. Eguraldi ezin hobea zegoen. Eguzkitsu zegoen, baina bero gehiegi ere ez zuen egiten. 2.000 metro inguruan zegoen aterpetxea eta 3.480raino igo ginen. 9rak aldera hasi ginen oinez, eta eguerdirako iritsi ginen tontorrera. Hamarretakoa egin, eta beherako bidea hartu genuen berriro.

 • Zer sentitu zenuen helburua bete zenuenean?
Satisfazio handia. Izugarri poztu nintzen, eta esango nuke semeak berak nik baino poz handiagoa hartu zuela. Ni lasai joan nintzen, gidari ona neukalako alboan. Semea mendian ibilitakoa da, eta banekien ondo eramango ninduela mendian gora. Ura soberan eraman genuen, eta jatekoa ere bai. Semeak eraman zuen soinean motxila, eta nik urteen motxila. Jaitsi ere ondo jaitsi nintzen, belaunak gogor ditut eta ez nuen arazorik izan. Mulacen puntatik hondartzaraino jaitsi ginen, 3.480 metrotik 0-ra. Motrilen hartu genuen bainua, itsaso zakarra zegoen, baina ez zion ardura. Granadan pasatu genuen gaua berriz, eta hurrengo egunean itzuli ginen Elgoibarrera, domekan.

 • Nola egiten duzu sasoiko mantentzeko?
Euskal Herriko mendietan ibiltzea gustatzen zait: Ernio, Izarraitz, Aizkorri... astean behin geratzen naiz bi-hiru lagunekin eta hemen inguruko mendietan ibiltzen gara. Piriniotan ez naiz asko ibili, baina Aneto, Perdido, Annie, Hiru Erregeen Mahaia eta besteren bat igota ditut. Teiden ere egonda nago, hori da Espainiako mendirik altuena, baina hara funikularrean igo nintzen, horrek ez dauka meriturik. Turistentzat prestatuta dago hura.

 • Aurrera begira, beste mendiren bat igotzeko harra piztu al zaizu?
Ez bereziki, baina ikusiko dugu. Agian egingo dugu beste bidairen bat aurrerago. Mendian ibiltzea gustatzen zait, baina lasai, prisarik gabe. Mendia gozatzeko da, ez erlojuari begira ibiltzeko.

2021 09 17 Jose Mari Zialtzeta mulhacen semeagaz gainean elgoibar barren