Aste honetatik aurrera martxan da Katamixarren Basoa, umeak naturan hazteko eta hezteko gunea. Guztira 37 umek eman dute izena, baina oraindik ere badago parte hartzeko aukera.
‘Katamixarraren basoa’ ezagutzeko ate irekien eguna egin ostean, martitzenean (irailak 14) hasi zen Katamixarren Basoa. HH3tik LH6ra arteko umeak hartuko dituzte bertan, eskola orduz kanpo. Naturara gerturatuko dituzte, gauza jakina baita ezagutzea baino gauza hoberik ez dagoela baloratzeko eta zaintzeko; bai eta parte sentitzeko ere. Proiektu pilotu honen barruan, baserri mundua ere ezagutuko dute, ortuan lan egiteko eta etxe-abereak zaintzeko aukera ere izango dutelako parte-hartzaileek.
Irailetik azarora bitartean egongo da martxan Katamixarren Basoa, asteartetan eta ostegunetan, 16:45etik 18:45era. Arduradunek jakinarazi dutenez, oraindik ere badago aukera astearteetako saioan izena emateko.
Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Aisialdi Taldeak eta Txillarre baserriak sortu dute Katamixarren Basoa, Txillarre baserriko lurretan.
∞Lotura duten albisteak: