Europako Mendietara irteera antolatu du Morkaikok

Barren.eus 2021ko ira. 14a, 09:00

Mendi irteerak antolatzen hasi da berriro ere Morkaiko mendi taldea. Eta, bere jarduerekin hasteko, Torre Cerredora (2.650 metro) irteera prestatu dute irailaren 25 eta 26rako, Europako Mendietako gailurrik garaienera, hain zuzen ere.

Pandemiak azkenaldian izan duen bilakaerak horretarako aukera eman die, eta berriro mendi irteerak antolatzen hasi da Morkaiko Mendizale Elkartea. Europako Mendietara irteera antolatu dute iraileko azkenengo astebururako. Irailaren 25ean, zapatu goizaldean, irtengo dira Elgoibartik, eta lehen egunean Fuente De-tik Torre Cerredora igoko dira. Europako Mendietako eta Kantauriar Mendikateko gailurrik garaiena da Torre Cerredo, 2.650 metrorekin. Erdiko mendigunearen bihotzean dago. Gaua Cabrones aterpetxean pasako dute mendizaleek. Domekan, bigarren egunean, Cabrones aterpetxetik Puente Poncebosera joango dira. Zehaztu dute irteera honetan parte hartzeko derrigorrezkoa dela mendian federatua egotea. Era berean, egingo duten ibilbidea "gogorra" dela ohartarazi dute eta sasoi onean egon behar dela. "Ibiltzeko, aurrera egiteko eta orientatzeko zailtasunak egon daitezke, eta zenbait pasabidek mendian ibiltzeko teknikak menperatzea eskatzen dute. Torre Cerredoren tontorrera iristeko azken zatian, esaterako, arreta handiz jokatzea eskatzen duen zati bat igaro beharko dute, amildegira esposizio handikoa eta eskuez baliatu beharreko II+ graduko igoera bat baitauka. Hori bai, gailurrak ikuspegi zoragarria dauka.

Morkaikok Eibarko Klub Deportibo mendi taldearekin elkarlanean antolatu du irteera hau eta hamabost lagunentzako lekua dago. Hona irteeran parte hartzeko ordaindu beharreko prezioak:

  • Bazkidea FEDME txartelarekin: 95 euro
  • Bazkidea FEDME txartel gabe: 100 euro
  • Ez bazkidea FEDME txartelarekin: 109 euro
  • Ez bazkidea FEDME txartel gabe: 114 euro


Bidaian eta irteeran COVIDari aurre egiteko protokoloa egongo dela azaldu dute antolatzaileek, hau da: bidaian maskara derrigorrezkoa izango da. Mendian eta aterpetxean gobernuak ezarritako arauak bete beharko dira.

Irteerarako izen-ematea gaur, hila 14, irekiko da 19:30ean. Izena emateko bi modu daude:

  1. Online, email-a bidaliz morkaiko@morkaiko.eus helbidera
  2. Aurrez aurre, Morkaikok Errosario kalean duen egoitzan, asteazkenetan, 19:00etatik 20:15etara

 

∞Lotura duten albisteak: