Olentzeroren etxera familian egiteko irteera antolatu dute Atxutxiamaikak eta Ludotekak

Barren.eus 2015ko aza. 16a, 11:50

Olentzeroren etxera, Izenadubara, egun guztiko irteera antolatu dute Ludotekak eta Atxutxiamaikak abenduaren 12rako. Gaur irekiko da izena emateko epea, 15:30etik aurrera. 

Elgoibarko Izarrako Atxutxiamaika aisialdi taldeak eta Ludotekak Olentzeroren etxera irteera antolatu dute Elgoibarko Udalaren laguntzarekin. Abenduaren 12an, zapatua, izango da irteera. Izenaduba Basoan dago Olentzeroren etxea, Mungian. Euskal Herriko Mitologiaren inguruko lehenengo Interpretazio Zentroa da. Parkeak 6.000 m2 karratu ditu, eta bertan Bizkaiko baserririk zaharrena dago. Izenaduba Basoan dena magiko da, pertsonai mitologikoek bizia hartzen dute eta istorioak, kondairak eta elezaharrak kontatzen dituzte bisitari ezberdinei une zoragarriak sortaraziz.

Olentzeroren etxera sartu aurretik herri kiroletan lehian arituko dira irteeran parte hartuko duten umeak eta gurasoak eta bazkalostean egingo diote bisita Olentzeroren etxeari. Elgoibartik 10:00etan irtengo dira autobusak, Txankakoa paretik. 18:00etarako Elgoirren izatea aurreikusten dute.

 • Izenematea

Irteeran parte hartzeko Elgoibarko Izarraren bulegoan eman behar da izena; Ludotekako bazkideek Ludotekan bertan egin dezakete. Gaur (azaroak 16) irekiko dute izena emateko epea, 15:30etik aurrera. Bulegoan bakarrik eman daiteke izena. Plazak mugatuak dira eta ezin izango dira erreserbatu. Era berean, izen ematea behin betikoa izan dadin, izen emate fitxa beteta eta ordainketa eginda egon beharko da. Pertsona bakoitzak familia bakarraren izenematea egin ahal izango du. Elgoibarko Izarrako eta Ludotekako bazkideen familiek 9 euro ordaindu beharko dituzte eta 11 euro bazkide ez direnek.

2015 11 16 olentzeroren etxera irteera inf