‘Mendikolore’, mendirako gidalaguna

Barren.eus 2021ko uzt. 16a, 13:52

Mendira gerturatzeko gonbita da Izaskun Estibaritz eta Jose Inazio Izagirreren ‘Mendikolore’ bloga. Mendira egindako osterak jasota uzteko sortu zuten bloga, beste handinahirik gabe, eta 2011. urtetik gaur arte egindako ibilaldien aukeraketa bat jasotzen dute bertan.

Argazki askoko eta testu gutxiko bloga da (https://mendipitxinkolore.blogspot.com), begiekin gozatzekoa bereziki, eta bi sari eta zenbait aipamen ere jaso ditu hamar urteotan, Euskal Mendi Federazioak banatzen dituen bi Pyrenaica sari tartean, 2016an bata, eta 2019an, bestea. Era berean, duela bost bat urte, mendiari buruzko 50 web eta blog onenen sailkapena egin zuten ‘Rutinas Varias.com’ atarian, eta han ere nabarmendu zuten ‘Mendikolore’ bloga.

Mendiko argazkien erakusketa birtual halako bat da Mendikolore bloga. Argazki bakoitzak bere argazkioina du, eta ibilbide bateko ikusgarriena batzen dute irudiek. Dozenaka ibilbide daude, zazpi kategoriatan banatuta: Mendiko aldizkarietan argitaratutako artikuluak, Euskal Herria, Pirinioak, Europako mendiak, beste mendiak, Alpeak eta Hego Ameriketako Mendiak. Urteka eta hilabeteka sailkatuta daude ibilaldi guztiak, artxibo batean bezala. Izan ere, horixe zuen helburu behinena Estibaritzek bloga sortu zuenean: “Jendeari mendi ibilaldiak proposatzeko baino gehiago, geuretzako artxibo bat izateko sortu nuen”. Dietario pertsonal bat da Mendikolore, Estibaritzek berak nahi/ahal duenean eguneratzen duena senarrak ateratako argazkiekin eta hark argazkien ondoan idatzitako ohar deskriptiboekin. “Hitz gutxi izaten dira, euskara hutsean. Zientzietakoa naiz eta asko kostatzen zait idaztea. Ez naiz bizipenak kontatu zalea”, dio Izagirrek. “Ezta ibilbidea zenbat denboratan egin dugun esatekoa ere”, gehitu du ondotik Estibaritzek. Ez dute gaurko moda bizi; mendian ahalik eta denbora gehien eman nahi lukete, eta erlojua ez da halakoetan lagun ona. “Gure erritmoa eta mendia ulertzeko filosofia beste bat dira”.

2021 07 16 Mendikolore izagirre estibaritz fitz roy

Etxean bertan izan ditu bide-erakusleak Izagirrek ume-umetatik, eta haren eskutik mendizaletu zen Estibaritz: “Gu sekula ez al gara joango hondartzara?, galdetzen nion beti, baina gero joaten ginen hondartzara, egiten genituen bi ordu eta aspertu!. Bere eskutik hasi nintzen mendian, baina soldaduskan zegoela iritsi nintzen estreinakoz Piriniotara, Anayetera (2.574 m). Nepal, Tanzania, Peru, Argentina... Egin ditugun bidaia guztiak mendiari lotuta egin ditugu”. Bidaia eta ibilaldi guztietara lepotik zintzilik eraman du beti argazki kamera Izagirrek, “tripa gainean, geldi”, eta ziento bat mila argazki egin ditu. “Meritua horrek du. Telefono arinen aroan, motxila astunaz gain kamera reflexa aldean eramateak, berdin lau hankan ibili behar badu, eskalatu behar badu edo rapelatu behar badu ere”, zehaztu du Estibaritzek. Egunetik egunera arinagoa da mendiko materiala eta deigarria ere egiten zaie lagunei Jose Inazio kamera handia hartuta ikustea. “Kuriositatea genuen, eta iaz, Caingo denda batean (Leon, Espainia) pisatu genuen. 1.200 gramo pisatzen ditu. Badakit arinagoak badaudela, baina ondo dabil eta ez dut besterik behar. Ni beti nabil 10 urte atzerago”.

2007an erosi zuen Izagirrek kamera digital hori, baina ordura arteko dena diapositibetan gordeta dauka. “Hamazazpi bat mila diapositiba izango ditut etxean”, dio. “Altxorra dira. Etxeak su hartuko balu zer gauza salbatuko zuen galdetu nion behin eta ‘diapositibak’ erantzun zidan”, jarri du azpimarra lagunak. Argazkilaritzarako afizioa badu Estibaritzek ere. Ongarri Argazkilaritza Taldean ibilitakoa da eta aitortu du bloga sortzeko beste arrazoietako bat hori izan zuela beharbada: “Teknologia berriak baliatuta, paisaia ikusgarrien argazki horietako asko kanpora atera zitezkeela pentsatu nuen”.

ERREPORTAJEA osorik BARREN aldizkariko 1211. zenbakian -PDF-

2021 07 16 Mendikolore estibaritz iruaitzulo urbasa

2021 07 16 Mendikolore izagirre tca blanca pomerotik aneto maladeta