Umeei protagonismo handiagoa emango die ludoteka zerbitzuak eta Daixola! proiektuak

Barren.eus 2015ko urr. 16a, 14:43

Haurren parte hartze aktiboa bultzatzea lan ildo nagusienetarikoa izango dute aurten Elgoibarko Ludotekan eta Daixola!-n, eta, hezitzaileen laguntzaz, haur eta gaztetxoek proposatutako jarduerak errealitate bihurtzeko aukera eskainiko diete ludoteka zerbitzuak eta Daixola! proiektuak.

Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Sailak, Udalak diruz lagunduta, Daixola! egitasmoa sortu zuen iaz,  9 -12 urte bitarteko gaztetxoen koadriletan euskararen erabilera areagotzeko eta ondo pasatzeko helburuekin. Hala, LH3-6 bitarteko gaztetxoen koadriletan egin nahi dituzten planak gauzatzen laguntzeko programa izango da, besteak beste, ikastaroak, solasaldiak, hitzaldiak, irteerak, asteburu pasak...  Printzipioz, astebururo bilduko da koadrila bakoitza, eta ikasturte guztian zehar hezitzaile berberarekin egongo da euren arteko harremana sendotzeko. 

Ikasturte berriari domekan, urriaren 18an, emango diote hasiera eta egun horretan bertan, izena eman duten gaztetxo guztiekin bildu eta aurkezpena egingo dute arratsaldeko 17:00etan Kultur Etxeko Sotoan.

2015 09 22 daixola2014

• Adinaren araberako eskaintza ludotekan

Bestalde, Elgoibarko Ludotekak adinaren araberako eskaintza berezia diseinatzean aurrera pausoa eman nahi du aurten, eta horretarako, hilean bi ostiraletan adin banaketa proposatuko du. Hori horrela, HH5-LH3 bitarteko haurrak arratsaldeko 16:30etik-18:00etara joan ahalko dira eta LH4-LH6ko gaztetxoak aldiz, 18:00etatik 20:00etara. Egun hauetako ekintzak haurrekin batera adostuko dituzte dinamika ludiko eta parte-hartzaileen bidez. Hala ere, hau ez da gauza berria Ludotekan, azkenengo urteotan oporraldietako eskaintza haurrekin batera diseinatu ohi baita, eta lortutako emaitza ikusirik, haurrei protagonismo handiagoa eman nahi diete, euren nahi eta beharrek eragin handiagoa izan dezaten udal zerbitzu honen dinamikan.

Barixaku honetan, urriaren 16a, hasiko dira adin banaketarekin eta hemendik aurrera, aldizkako ostiraletan planteatuko dute eskaintza hau.

2015 10 16 ludoteka buruhandi