Barazki eta frutekin irabiatuak egiteko tailerra antolatu du Barren Azokak

Barren.eus 2015ko urr. 8a, 12:08

Merkatu plazako saltzaileak batzen dituen Barren Azoka elkarteak umeentzako bi tailer antolatu ditu datozen asteetarako. Barixaku honetan, urriaren 9an, egingo dute aurrenekoa. Barazki eta frutekin irabiatuak egiten irakasteko tailerra egingo dute. Urriaren 16rako antolatu dute bigarren ikastaroa: truke azoka eta pintxo tailerra.

Barren Azokak Atxutxiamaika aisialdi taldearen laguntzarekin antolatuta, barazki eta frutekin irabiatuak egiten ikasteko tailerra egingo dute barixakuan, urriaren 9an, Kalebarren plazan. Ikastaroan parte hartuko duten umeei diru kopuru bat emango diete Merkatu plazako dendetan barazkiak eta frutak erosteko. Era horretan, saltzaileekin hartu-emanetan jartzeaz gainera, merkatuan saltzen dituzten produktu desberdinak ezagutuko dituzte. Ondoren, erositako barazkiak eta frutak garbitu, zuritu, zatitu eta era guztietako irabiatuak egingo dituzte. Edalontzia apaintzeko hainbat osagaiak erabiltzeko aukera ere izango dute. Ez dago izena eman beharrik eta doakoa da.
Irabiatuak egiteaz gainera, landa mundua, merkatua eta elikagaiekin zerikusia duten jolasak prestatuko dituzte Atxutxiamaikakoek.
• 
Pintxo Lehiaketa, urriaren 16an
Hurrengo asteko barixakuan, hilaren 16an, beste ekintza bat prestatu du Barren Azokak: pintxo lehiaketa bat. Saio horretan ere, umeek eurek egingo dituzte erosketak Merkatu plazako saltokietan. Ondoren, sormena landuz, hainbat pintxo prestatuko dituzte, pintxo hotzak. Tailerraren bigarren zatian, egin dituzten pintxoak apaindu ahal izateko osagai gehigarri batzuk lortzeko aukera izango dute. Osagai ginkana bat egingo da. Umeek, merkatuko dendariekin eta oro har herritarrekin, interakzioa lortzea da antolatzaileen helburua. Jendeari galdetuta asmatu beharreko hainbat galderaren erantzunak ere asmatu beharko dituzte umeek. Landa mundua, merkatua eta elikagaiekin zerikusia duten jolasak egingo dituzte amaieran.