Oporrak, etxe ibiltarian

Barren.eus 2020ko uzt. 17a, 08:09

Azken urteotan asko ugaritu dira autokarabanak gure errepideetan, eta aurten, are gehiago izango dira oporretara etxe ibiltaria hartuta joango direnak. Koronabirusa dela-eta, oporrak bertan behera utzi dituzte askok, baina beste batzuek autokarabanaz bidaiatzea erabaki dute, modu seguruan bidaiatzeko aukera ematen duela sinistuta.

Gero eta gehiago dira gurpil gaineko etxebizitza hori aukeratzen dutenak bidaiatzeko, eta pandemia egoera honetan autokarabanekiko interesa handitu egin da. Autokarabanaz bidaiatzen duen Elgoibarko familia baten esperientzia jaso du BARREN aldizkariak aste honetako alean, eta horrekin batera, Maria Salegiri egin diogu elkarrizketa, autokarabanak alokatzeko enpresako nagusiari.

2020 07 16 autokarabana errep barren elgoibar ka 2020 07 16 autokarabana errep barren elgoibar ka ge

 Ez dute bidaiatzeko beste modurik ezagutzen, eta momentuz, ez daukate beste moduren bat probatzeko asmorik ere. Bidatz Azpiazu eta Jon Elizburu 1999an hasi ziren etxea gainean zutela bidaiatzen. Gaztetatik izan dira motxila hartu eta mendira joatekoak. Jonek gogoratu du gaztetan oporrak Piriniotan pasatzen zituela lagunekin, edozein lekutan lo eginez, eta tarteka ikusten zutela jendea furgonetan edo auto handietan lo egiten: “Sekulako inbidia pasatzen genuen”. Aske ibiltzea dute gustuko, loturarik gabe, eta ez dute euren burua hoteletan edo antolatutako bidaietan ikusten. Hori dela-eta, furgoneta bat erostea erabaki zuten, ohe eta sukalde txiki batekin: “Lehenengotarikoak izan ginen Elgoibarren horrelako furgoneta bat erosten, eta sarri harrapatzen genuen jendea kristalera hurbildu eta furgoneta barrura begira”. Hamar bat urtez ibili ziren furgonetarekin hara eta hona, baina ordurako Pello jaio zen, eta konturatu ziren ume batekin bidaiatzeko furgoneta txiki geratu zitzaiela, neguan bereziki: “Udan eta neguan bidaiatzen dugu guk, eta elurretara joateko erropa eta traste asko behar dira. Orduan konturatu ginen zerbait handiagoa erosteko unea zela”. 2009an furgoneta saldu eta autokarabana erosi zuten. Sei bat urtez mantendu zuten estreinako autokarabana hura, baina tarte horretan beste bi seme-alaba izan zituzten, Andde eta Lur, eta barrualdea beste modu batean antolatuta zeukan autokarabana bat erostea erabaki zuten. Galizian
erosi zuten, bigarren eskukoa. Auto bat alokatu, eta Ourensera joan ziren Lur txikiarekin. Alokairuko autoa han laga, dokumentazio guztia prestatu, eta autokarabanaz itzuli ziren Elgoibarrera.

2020 07 16 autokarabana errep barren elgoibar barruan
Ordutik etengabe ibiltzen dira batetik bestera: “Gure bidaietako etxea da autokarabana”. Asko bidaiatzen dute, baina kilometro askorik egin gabe. Asteburuko irteerak egiten dituzte sarri, momentuan pentsatu, maletak egin eta martxa egiten dute, autokarabanak horretarako aukera ematen duelako: “Ez duzu ezer antolatu
behar, pentsatu eta ospa!. Ingurukoak urtarrilean hasten dira abuztuko oporrak prestatzen! Guri ez zaigu hori burutik pasatzen, beti azken momentuan ibiltzen gara”. Ez dira urrutira joatekoak, baina bai, maiz bidaiatzekoak. Etxetik gertu ibiltzen dira, kostaldean zein mendian, eta bazkari edo ospakizunen bat dutenetan ere
joan izan dira autokarabanan, etxera itzultzeko kezkarik gabe ibili ahal izateko: “Ikastolen aldeko jaietara ere bezperaz joaten gara normalean, eta oso erosoa da han bertan lo egitea”.
Autokarabana hitza entzun eta askatasuna etortzen zaie burura; gaur hemen eta bihar han egoteko askatasuna: “Iristen zara leku batera eta eguraldi txarra badago edo beste edozein arrazoirengatik ez bazaude gustura, alde egin dezakezu”. Onartu dute, hala ere, autokarabanen ugaritzeak erabilera mugatu eta arautzea ekarri duela: “Asko gara, eta denetarikoak. Zikinkeria asko uzten dute batzuek, eta normala da leku batzuetan autokarabanei sarrera debekatzea”. Frantzia oso ondo prestatuta dagoela aipatu dute autokarabanaz bidaiatzeko, atseden-gune eta aparkaleku asko dagoelako, eta camping munizipalak ere prezio onean aurkitu daitezkeelako. Autokarabana guneetatik aparte, urte hauetan zehar leku “paradisiakoetan” ere lo egin dute, baina gaur egun horrelako lekuak aurkitzea ez dela hain erraza esan
dute, eta leku askotan campingetara sartzea derrigortzen dutela. “Ez zaigu ondo iruditzen campingera derrigor joan beharra. Ulertzen dugu euren negozioari begiratu behar diotela, baina autokarabaneroak autonomoak gara, gure ura eta argindarra ditugu eta gaua pasatzeagatik sekulako dirutza eskatzen dute leku askotan”. Iruditzen zaie azkenaldian jende askok erosi edo alokatzen duela autokarabana “modan” dagoelako, baina horiek ez daukatela autobakarabanan ibiltzeko kulturarik eta horrek gainerakoei kalte egin diela: “Autokarabanaz ibiltzeak eskatzen du ur gutxi gastatzea, argindarra ere neurrian erabiltzea, ingurunea zaintzea eta errespetatzea... Kultura hori guk oso barneratuta daukagu dagoeneko, baina beste askok nahi dutena egiten dute”.

2020 07 16 autokarabana errep barren elgoibar 1
Urte asko daramatzate gurpil gainean bidaiatzen, eta urte horietan etxetik kanpo pasatu dituzten gau guztiak koaderno baten apuntatzen dituzte: “Kilometro kopurua ez, baina noiz eta nora joaten garen jasotzen dugu, eta tarteka begiratzen diogu koadernoari jakiteko nondik nora ibili garen”. Portugalera egin zuten bidaia dute gogoan: “Leku asko eta politak ezagutu ditugu, baina gure lehenengotariko oporraldia Portugalen pasatu genuen eta oroitzapen oso ona daukagu. Sekulako hondartzak daude, eta orduan oraindik ez ziren horrenbeste autokarabana ikusten. Oso lasai ibili ginen”. Galizia, Asturias eta Kantabria inguruak ere asko gustatzen zaizkie: “Ez dago urrutira joan beharrik leku politak aurkitzeko”.

Etxean bezala edo gusturago egoten dira autokarabanan: “Gure oporretako etxea da. Ia urtero joaten gara Lleidara hango senideak bisitatzera eta beti esaten digute etxean logelak libre dituztela. Ez dute ulertzen beraiek lekua izanda nola egiten dugun lo autokarabanan, baina gu hantxe gaude gustura, gure ohean, gure izarekin”. Pello, Andde eta Lur ere pozik ibiltzen dira autokarabanan, eta bidaiatzeko modu horrek jendea ezagutzeko erraztasuna ematen diela kontatu dute. “Familian bidaitzen dute askok autokarabanetan eta umeak umeengana hurbiltzen dira beti”. Autokarabanak familia nukleoa sendotzeko aukera ematen duela diote: “Bostok horrelako espazio txikian batera egotea familia sentimendua sendotzeko oso ondo etortzen da. Gehiago jolasten dugu elkarrekin, pila bat hitz egiten dugu, eta haserretu ere egiten gara, baina etxean izaten ez dugun beste gerutasun batekin bizi gara autokarabanan”. Alde on guztiek, baina, badute bere alde txarra ere, eta autokarabana edukitzea “kapritxo garestia” dela onartu dute. Ez da merkea, baina beraiek inbertsio moduan hartu dute.

Maria Salegi: “Autokarabanak ematen duen askatasuna izugarria da”

Maria Salegirentzat ez dago autokarabanaz bidaiatzea baino modu hoberik. Betidanik bidaiatu izan dute modu horretan, eta orain dela hiru urte pasioa zuena negozio-bide egitea otu zitzaion. Lanik gabe geratu zen, eta enpresa propioa sortu zuen. Autokarabanen alokairurako Kresala Caravan enpresa sortu zuen. Argi utzi du enpresaren aurpegia berea izan arren, familia osoa duela atzetik.

2020 07 16 kresala karavan elgoibar maria salegi barren mintxetan

 • Noiz eta nola sortu zenuen Kresala Caravan?
Orain dela hiru urte lanik gabe geratu nintzen, eta buruari bueltak emanez bururatu zitzaidan enpresa hau sortzea. Guri izugarri gustatzen zaigu mundu hau, eta jende askok esaten zigun erretiroa hartzean autokarabana erosi eta bidaiatzera joango zirela. Hori guztia kontuan hartu eta kalkulu batzuk egin ostean, aurrera egitea erabaki nuen. Nire pasioa dena herritarrekin partekatzea oso polita iruditzen zait, eta jendearekin harreman zuzenean lan egitea pila bat gustatzen zait. Inbertsio handia eskatzen zuen negozio honek, baina gauzak gehiegi pentsatzea ere ez zait gustatzen, eta ausarta izatea erabaki nuen une hartan. Familiak babestu ninduen, eta enpresaren aurpegia ni naizen arren, familia osoa daukat atzean. Alabak komunikazioaren eta sare sozialen ardura dauka, eta nik bezeroekin egiten dut lan zuzenean.

 • Zer eskaintzen duzue?
Autokarabanak alokatzen ditugu. Bi autokarabana ekarri genituen hasieran, eta orain bost ditugu; hiru autokarabana eta bi camper furgoneta handi. Gure esku dagoen guztia egiten dugu bezeroaren beharrak asetzeko. Bezeroak ilusioa jartzen du, eta gainerakoa guk eskaintzen diogu. Autokarabana alokatzeaz gain, nahi duenari bidaia antolatzeko gomendioak eta laguntza ere eskaintzen diogu, guretzat oso garrantzitsua delako bezeroa pozik itzultzea.

 • Zein motatako bezeroak dituzue?
Autokarabanak probatzeko ilusioa edo kuriositatea duen jendea etortzen zaigu batez ere. Egia da modan jarri dela autokarabanaz bidaiatzea, bere garaian Santiagoko Bidea egitea modan jarri zen bezala, eta gaur egun badirudi autokarabana probatu ez duenari zerbait falta zaiola. Autokarabanen esperientzia gertutik ezagutzen dutenak eta euren azalean probatu nahi dutenak etortzen dira gehien. Autokarabana erosi nahi dutenak ere etortzen dira. Horrelako ibilgailuak erostea ez da merkea eta erosi aurretik probatu nahi izaten dute gehienek. Baina, bezeroen %80 lehenengo aldiz probatzera etortzen dira, eta bueltan berehala konturatzen gara zeini gustatu zaion esperientzia eta zeini ez. Batzuek idealizatuta daukate autokarabana: niretzako ez dago bidaiatzeko modu hoberik, baina beste askori ez zaie esperientzia gustatzen.

2020 07 16 kresala karavan elgoibar maria salegi barren