Ehun mendizale inguruk hartu zuten parte Urnobitzara eginiko irteeran

Barren.eus 2019ko abe. 18a, 10:33

Morkaikok Herri Eskolako eta Ikastolako gurasoekin elkarlanean antolatzen dituen mendi irteeretako bat egin zuten aurreko domekan, eta ez zuten herritik irten beharrik izan paisaia ederrez gozatzeko, Urnobitza mendira igo baitziren.

 47 ume eta beste horrenbeste helduk hartu zuten parte urteko azken mendi irteeran. Madariagatik abiatu ziren oinez, eta 643 metroko garaieara dagoen Urnobitzako tontorrera ailegatu ostean, Lizundiatik behera Arriaga bailararaino jaitsi ziren. "Eguraldiak lagunduta, bista eta paraje ederrez gozatzeko aukera paregabea izan genuen. Inguruko pinu gehienak bota ostean, ikuspegi ederrak dituen mendia da Urnobitza. Aldapa handirik gabea, eta edozeinentzat igande goiz pasa eder bat egiteko plan paregabea", adierazi dute Morkaikotik.
Hurrengo mendi irteera urtarrilaren 26an egingo dute, Arno mendira.

2019 12 15 morkaiko urnobitza umeak elgoibar