Eguberriak gerturatzen ari dira, eta dagoeneko, ume eta hain ume ez direnak ere hasi dira Olentzerori eta Mari Domingiri zein opari eskatuko dieten pentsatzen. Sasoi honetan jostailuen iragarkiek tarte handia hartzen dute medio eta saltokietan, eta ez da erraza izaten jostailu egokia aukeratzea. Aukeraketa horren garrantziaz jabetuta, jostailu erakusketa antolatu dute Ludoteka eta Gaztelekua Udal Zerbitzuek eta Elgoibarko Izarrako Atxutxiamaikak elkarlanean.
Merkatuko eskaintza aztertu, eta hezkidetza, kooperazioa, komunikazioa eta beste hainbat irizpide kontuan izanik, 0tik 99 urtera artekoentzako egokiak diren 60 bat jostailu jarriko dituzte ikusgai. Aurten, estreinakoz, bi espaziotan kokatuko dute erakusketa: 0-8 urte bitartekoentzako jostailuak Kultur Etxeko sotoan jarriko dituzte, eta 8tik aurrerakoentzako, berriz, Aita Agirre Kulturgunean.
BISITA ORDUAK
- Azaroak 20, eguaztena (17:00-19:30)
- Azaroak 21, eguena (17:00-19:30)
- Azaroak 22, barikua (17:00-19:30)
- Azaroak 23, zapatua (11:30-14:00)
• 2019ko jostailuen katalogoa, opari
Erakusketarekin batera 2019ko jostailuen katalogoa prestatu dute, eta erakusketako bisitariei banatuko diete. Era berean, erakusketan parte hartzen duten herritarren artean hainbat jostailu zozketatuko dituzte. Arduradunek ohartarazi dute 10 urtetik beherako umeak heldu baten zaintzan joan beharko dutela erakusketara. Horrekin batera, Elgoibarko ikastetxeetako irakasleen beharrak kontuan hartuta, haientzako erakusketa berezia prestatu dute, eta ikasgai eta balio ezberdinak lantzeko baliagarriak izango zaizkien jostailuak aurkeztuko dizkiete. Era berean, HHko goi mailako ikasketak egiten ari diren ikasleei jolasa zer den eta jolasaren funtzioak zeintzuk diren azalduko dizkiete hezitzaileek.